Euskaraldia antolatzeko hainbat batzorde sortu dira Lea-Artibain eta Mutrikun. Josebe Azpiri Akarregi (Ondarroa, 1976) Euskaraldia Ondarroan sustatzeko alea jarri duen horietako bat da.
Euskaraldia prestatzeko hainbat batzar egin ostean, abian da. Zelako sentsazioak dituzue?
Sentsazio onekin hasi garela esango nuke.
Egunotan, gainera, pasarte xelebre bat edo beste ere gertatu da, ezta?
Japoniar bat etorri da Ondarroara, euskaraz berbetan, eta benetan aipagarria iruditu zaigu. Nekane Akarregik eta biok Euskaraldiari buruzko irratsaioa egingo dugu domekan [abenduak 2]
Radixu Irratian, eta ea beragaz egoteko aukerarik badaukagun.
Josebe Azpiri Akarregi, Euskaraldia batzordeko kidea
Eta zer ordutan izango da zuzenekoa?
12:00etan hasi eta ordubete inguruan Euskaraldiari errepaso bat eman, eta egindako ekintza guztien balorazioa egingo dugu. Tartean, Mikel Santiso Euskaraldia batzordeko kidea elkarrizketatzeko asmoa ere badaukagu.
Aurkezpena ere oso jendetsua izan zen.
Harrituta geratu ginen, ez genuen pentsatzen Beikozini horrenbeste beteko zenik. Aurkezpena eguen iluntzean egin zela kontuan hartu behar da, eta herritarrek ordu horretan beste hainbat gauza edukitzen dituzte egiteko.
Asko izan dira Euskaraldiari atxikipena eman dioten taldeak. Horrek indarra eta sinesgarritasuna ematen dio ekimenari berari, eta poztekoa da
Parte hartzeari dagokionez, datuak ere onak izan dira, ezta?
Hasierako aurreikuspenak motz geratu dira, eta azken momentuan, txapak ezin lortuta ibili gara. 1.500 Ahobizi eta 115 Belarriprestek eman dute izena. Datuek, nire ustez, Ondarroako errealitatea islatu dute. Euskaraldia girotzen eta berotzen joan den heinean, ekimenak ere indarra hartu du, eta parte hartzea ere gehitzen joan da gutxinaka.
Izena eman dutenak norbanakoak izan dira bakarrik?
Ez. Zorionez, asko izan dira Euskaraldiari atxikipena eman dioten taldeak. Horrek indarra eta sinesgarritasuna ematen dio ekimenari berari, eta poztekoa da. Euskaraldia osatzen duten 11 hizkiak han-hemenka ibili dira azken asteotan. Batzordea osatu dugunok ere talde oso anitza eta hetereogeneoa osatu dugu, eta bateko eta besteko taldeengana ailegatzeko erraztasuna eduki dugu.
Kanpoan dauden ondarrutarren atxikimenduak ere jaso dituzue.
Askoren bideoak jaso ditugu. Bogotatik, New Yorketik, Argentinatik, Munichetik, Bartzelonatik, Txinatik, Madriletik… denetik, egia esan. Baita Bilbotik ere.
[iframe src=”https://www.facebook.com/plugins/video.php?href=https%3A%2F%2Fwww.facebook.com%2FEuskaraldiaOndarroa%2Fvideos%2F1954044234686063%2F” width=”560″ height=”315″ scrolling=”auto” ]
Hamaikakoa ere oso anitza izan da. Zelan osatu duzue?
Ez genuen betiko aurpegi berak erabili nahi. Hamaikakoa genero eta adin aldetik orekatzen saiatu gara, eta letra bakoitza ordezkatu duten herritarrak ere lan edo sektore aldetik ere ahalik-eta anitzenak aukeratzen ahalegindu gara.
Ondarroa moduko herri euskaldun baten Euskaraldia sustatzeko talde bat sortzea beharrezkoa ikusi duzue?
Bai, zelan ez. Ondarroan ere horretararako beharra daukagu. Euskaraldia, oro har, ohiturak aldatzeko ekimena da. Nahiz eta Ondarroan eguneroko bizitzan euskaraz bizi ahal garen urteko 365 egunetan, beti eduki dezakegu ohitura herritarren batek euskara ez duelakoan ulertuko gaztelaniaz egiteko. Ekimen hau, niri, behintzat, asko gustatzen zait horrexegatik. Ohitura txiki horiek aldatzera bultzatuko gaituelako.
Ohiturak errotik aldatzea ez da erraza izango ba…
Batzuei kosta egingo zaie, baina Ahobizi eta Belarriprest rola hartu duten herritarren aldetik ahalegin eta konpromiso hori egon beharko da. Konturatu behar gara egoera aldatzea geure esku dagoela. Nire ustez, konplexuak alde batera lagatzeko ordua ailegatu da.