Gaur [abenduak 3] Aniztasun Funtzionala Dutenen Aldeko Nazioarteko Eguna da, eta horren harira, aniztasun funtzionala dutenen aldeko bandera eskegi dute udaletxean, Ikurrinagaz eta Ondarroako banderagaz batera. Bandera mastan gora igotzeko ardura Zunbeltz Bedialauneta Ibaibarriaga Ondarroako alkateak, Eneritz Basurko Pagoaga alkateordeak eta Mario Feijoo Anakabe Euskadiko Polio Elkartearen presidenteak eduki dute.
Ondarroa, hain zuzen ere, urrearen, zilarraren eta brontzearen koloreak batzen dituen hiru marra horizontaldun bandera ipini duen
lehen udalerria izan da Euskal Herri mailan. Udalak herritar talde batzuen eskaerari erantzunez ipini du bandera. Eskaera egin duten herritarrek Ondarroako Udalari eskerrak eman nahi izan dizkiete. Horrez gain, herritarrei kolektiboaren aldarrikapenak zeintzuk diren interesatzeko gonbitea egin diete. Eta gainerako udalei ere euren udaletxeetan bandera ipintzeko
eskaera luzatu diete.
Mario Feijoo, Zunbeltz Bedialauneta eta Eneritz Basurko bandera eskuetan
Down Sindromea daukan Eros Recio dantzari profesional valentziarrak egindako bandera ipini dute udaletxean. Aniztasun funtzionala dutenen kolektiboa Espainia mailan
banderarik ez zeukan kolektibo bakarra zen. Horren jakitun, Reciok bandera diseinatu eta Jabetza Intelektualaren Erregistro Orokorraren aurkeztu zuen. Aniztasun Funtzionala Dutenen Aldeko Nazioarteko Eguna harira, bandera Nazio Batuen Erakundean aurkeztu zuten, eta NBEko kideek onartu egin zuten.
[ALBISTE HONEGAZ LOTUTA] Ondarroako Udalak aniztasun funtzionala dutenen aldeko bandera ipiniko du