Kirolagaz eta musikagaz girotu dute Akerbeltzen 10. urteurrena
Idigorasek eta Bereanek eta Larruskainek eta Meabebasterretxeak irabazi dute pala txapelketa. Batukadagaz eta kontzertuekin amaitu dute egunaMarkina-Xemeingo Gazte Asanbladak antolatutako pala txapelketa finalekin hasi ziren zapatuan Akerbeltz gaztetxe...
Idigorasek eta Bereanek eta Larruskainek eta Meabebasterretxeak irabazi dute pala txapelketa. Batukadagaz eta kontzertuekin amaitu dute eguna
Markina-Xemeingo Gazte Asanbladak antolatutako pala txapelketa finalekin hasi ziren zapatuan Akerbeltz gaztetxearen 10. urteurren ospakizunak. Ikusmina eragin zuten finalek, eta jende asko batu zen frontoi txikian finalistak animatzeko.Bigarren mailako finala jokatu zuten lehenengo Jose Luis Mendikute Arrizubietak eta Jon Mikel Goienetxea Urkaregik osatutako bikoteak eta Ekain Idigoras Azpiazuk eta Iker Berean Merinok osatutakoak. Beroketak eginda hasi zuten norgehiagoka. Bikoteak ez zeuden garaipenari ihes egiten uzteko prest, eta, beraz, tanto guztiak borrokatu zituzten. Azkenean, Idigoras eta Bereaurentzat izan zen garaipena: 25-15 nagusitu ziren.
Lehenengo partida amaitu eta berehala irten ziren berotzera lehen mailako finalistak: Pello Urionabarrenetxea Zaldunbide eta Jon Onagoitia Urionabarrenetxea alde batetik, eta Eneko Larruskain Gandiaga eta Jon Meabebasterretxea Bustindui bestetik. Lehia gogorra egon zen lehen mailan ere. 5 tantora, 8ra eta 9ra ere berdindu zuten bikoteek, baina hortik aurrera tantoak pilatzen hasi ziren Larruskain eta Meabebasterretxea, eta 9 tantoko aldea (11-20) ere atera zieten Urionabarrenetxea eta Onagoitiari. Hala ere, lehiak ez zuen etenik izan, eta 20-22ra hurreratzea lortu zuten Urionabarrenetxea eta Onagoitiak. Baina azken tantoak ere Larruskain eta Meabebasterretxearentzat izan ziren. 25-20 irabazi zuten.
Kontzertuak
Pala txapelketagaz gain, Akerbeltz gaztetxearen 10 urteetako irudiak ere ikusteko aukera egon zen Plazabarripean. Argazki erakusketa bat jarri zuten gaztetxearen garapena eta bizipenak gogora ekartzeko.
Bazkaririk ez, baina Gazte Eguneko bideo emanaldia eduki zuten gauean, gaztetxean. Eta egunari amaiera emateko, batukada eta kontzertuak egon ziren. Mocker’s eta Parrapas taldeen doinuak entzun eta karaokeagaz amaitu zuten eguna.