Iriste erraztasuna eta segurtasuna hobetzen ari dira Munitibarren
Errepidea ez dute bi noranzkoetan itxiko. Ur sarean egin beharreko mozketak aurretik jakinaraziko dituzte. 2019an autobus geltoki berriak ipiniko dituzte2018ko aurrekonturako parte hartze prozesuan puntuazio handiena eduki zuen eskariari erantzunez, eg...
Errepidea ez dute bi noranzkoetan itxiko. Ur sarean egin beharreko mozketak aurretik jakinaraziko dituzte. 2019an autobus geltoki berriak ipiniko dituzte
2018ko aurrekonturako parte hartze prozesuan puntuazio handiena eduki zuen eskariari erantzunez, eguenean hasi zituzten erdiguneko iriste erraztasuna eta segurtasuna hobetzeko lanak Munitibarren. Bi alditan egingo dituzte; lehenengo faseagaz hasi dira orain, eta 2019an ekingo diote bigarrenari.Urtea amaierarako amaitzea espero dute, eta lehenengo faseak ur edangarriaren sarea osatzea eta lurpeko edukiontzien gunea prestatzea ditu helburu. Munitibar Ur Partzuergoan sartu zenean beharrezkotzat jo zuten sarean hobekuntzak egitea Olaurre eraikinetik elizaraino, espaloi ondotik. «Partzuergoagaz adostu da hodia espaloi ondotik joatea eta ez gainetik, eragozpen gutxiago sortzeko eta espaloi osoa ez apurtzeko».
Gaur egun dagoen ur edangarriaren sareko hoditeria estuegia dela esan du udalak: «Egin zenetik etxe asko egin dira, eta ur hornikuntza nahikoa izan dadin beharrezkoa da hobekuntzak egitea; gainera, ur edangarriaren kanalizazio berriak bi sareak batuko ditu, eta horrek ur eskariari sare bietatik erantzuteko aukera emango du».
Beste alde batetik, hondakinen edukiontziak lurperatuko dituzte, eta gaur egun markesina ondoan daudenak kenduko dituzte, aspaldi herritar askok egindako eskariari erantzunez; gune berria bat dator 2019an Lea Ibarrean martxan jarriko den hondakinen kudeaketa sistema berriagaz.
2019an autobus geraleku berriak ipiniko dituzte norabide bietan, eta argiteria ere hobetuko dute. «Bide ertzak ere hobetuko dira, zehaztu eta asfaltatu. Bidegurutzeak eragiten dituen segurtasun eta irisgarritasun ara- zoak konponduko dira, inguruko eraikinetara erremateak egokituta».
Azpimarratu nahi izan dute lanek ez dutela zirkulazioaren erabateko mozketarik eragingo. «Denbora guztian egongo da zabalik bidearen alde bat, eta ibilgailuek beti edukiko dute igarobidea». Ur sarean egin beharreko lanek eragindako mozketak ere beti bezala aurretiaz ohartaraziko dituela esan dute Ur Partzuergotik, etxeetako atarietan jarritako oharren bitartez.