Bartzelonan bere lanak erakutsi ditu asteburura arte
Eneko Arruza Iglesias artista ispastertarrak. Bere txokotik atera eta Europako hiri garrantzitsuenetako batean plazaratu ditu bere lanak. La casa por el tejado arkitektura enpresak egin zion proposamena Eneko Arruzari.
Aukera polita zela erabaki eta lanari ekin zion.
Kataluniarra den enpresa horrek hirietako arkitektura berregiten lan egiten du, dauden elementuetatik abiatuta, autore etxeak eginez etxetako teilatuetan moduluak jarriz. Eta beraien promozio baterako egin du lan Arruzak. «Etxe huts bat eskaini zidaten eta nire
erakusketa bertan egin behar nuela esan zidaten. Aukera polita iruditu zitzaidan ». Bartzelonako Ranbla Katalunia kale ezaguneko etxe batean antolatu zuten erakusketa, «era batera edo bestera nire
bizitzaren, trazuaren eta izaeraren parte diren emakume guztiei eskainia».
Eneko Arruza eta Ispasterko alkate Garbiñe Saenz de Buruaga Bartzelonako erakusketan. Argazkia: Eneko Arruza
Baina proposamena polita iruditu eta baiezkoa eman eta berehala lanari ekin behar izan zion Arruzak. Zeregin ugari zituen artegile ispastertarrak artelan guztiak sortu aurretik. Erakusketa prestatzen
hilabete eta hiru aste eman ditu, ia bere egunerokotasuna bakar-bakarrik horretara bideratuta. «Zapatuak, domekak eta jai egunak. Ez dut eduki gelditzeko aukerarik. Esango nuke bataz besteko bat esatekotan
egunean 10 bat ordu egon naizela lanean. Baina egon da egunik dezente ordu gehiago egon naizena ere. Inoiz
goizaldeko ordu txikiek ere harrapatu naute nire artelanen aurrean».
Eneko Arruzaren artelan bat.
44 artelan. Azkenerako 44 piezaz osatutako obrarekin joan zen Kataluniako hiriburura. «Uste dut lan polita egin dudala eta egin dudan esfortzu handiak merezi izan duela». Lan horietako askotan kaleetako joan etorriak erakusten ditu, herritarrak egunerokotasunean kalean, paisaia urbanoak dira.
Gaineratu du erakusketak
bi inaugurazio ekitaldi eduki zituela: lehenengoa, azaroaren 28an izan zen «ateak itxitako inaugurazio bat» izan zen, inbertsore pribatuentzako. Bigarren inaugurazioa, ostera, biharamunean egin zen publiko guztiarentzat. Arruzak esan du egin dituen lanek oso harrera ona eduki dutela eta horren adibidea dela eramandako
44 artelanetatik 14 saldu izana. «Asko gustatu da erakusketa eta atsegina da jendearen harrera ona ikustea, egindako lanak merezi izan duela erakusten du».
Gaineratu du beti egoten direla bost edo sei lan gehien gustatzen direnak eta horrek
beste ate batzuk zabaltzeko aukera ematen duela. Horrela, enkargu batzuk ere martxan jartzekotan daudela esan du eta azken batean hainbeste lan egiteak jendea horrekin geratzeko aukera ematen duela. Bartzelonako egonaldiaren balorazio oso positiboa egin du Arruzak. Saldutako artelanez gain, hartutako esperientziak eta egindako gainerako lanek ere biltegia beteta edukitzeko aukera eman dio Ispasterko artistari.
Arruzaren artelanak.