Ondarroako udal iturriek agertu dutenez, 2018ko aurrekontuan hirigintzako inbertsioen atalean jasota dauden hainbat lan hasiko dituzte datozen egunotan. Modu horretara, herriaren egoera hobetzea espero dute.
Lanak, berez, arinago hasi behar zituztela aitortu dute, baina
hainbat ustekabek nabarmen atzeratu dituzte hirigintza sailak aurreikusita zituen lan asko. Hori bai, lanak urtea amaitu orduko hasi behar dituztela nabarmendu dute, aurrekontuan horrela jasota daudelako. “Berez urte osoan egin beharreko lanak dira, baina eduki ditugun arazoak tarteko, ezin izan ditugu azkarrago hasi”.
Artibai egoitza aurrean egiten ari diren lanak
Hirigintza sailean azken hilabeteotan egon den
pertsonal aldaketak ere atzerapenean eragina eduki duela aipatu dute. “Hainbat arazo izan ditugu hirigintza sailean. Udal arkitektuak eta arkitektu teknikoak kargua utzi dute, eta horrek ere eragina izan du. Berriak izendatu bitartean, lan horiei ezin izan zaie oniritzirik eman. Lanak, horrenbestez, ezin izan ditugu arinago gauzatu”.
Lanei dagokienez, Artibai egoitza aurreko plaza berritzeko lanak aurreko astean hasi zituzten. Txori Erreka 8, 10 eta 12 atarietan urbanizazio lanak ere egingo ditu udalak, bertan egin dituzten etxebizitzetako lanak amaitzen dituztenean. Laster hasiko dituzte lanak, eta lau bat hilabeteko epea izango dute. Lanak lehiaketara aterata daude. Lanen lehen fasean zerbitzuak jarriko dituzte etxebizitzen eraikin berrian, hala nola, ura, argia eta gasa.
Musika Plaza azpiko udal lokalen fatxada osoa eraberrituko dute, dauden filtrazioak kentzeko.
Era berean, Txori Errekako autobus geltokitik goraino doan espaloia ere berriztuko dute bigarren fase batean. Espaloia berdindu egingo dute, “itxura desberdina emanaz”. Eta lanakĀ aprobetxatuta, gorago dauden etxeetara doan
gas hobien instalazioa ere egingo dute.
Bestalde, Musika Plaza azpiko udal lokalen fatxada osoa eraberritu egingo dute datozen asteotan, dauden filtrazioak kentzeko. Dena berdindu eta dotoreago ipiniko dute; hormak zuriz margotuko dituzte, eta ateak urdin ilunak izango dira. “Hilabete eta erdi Iberdrolako teknikoen zain egon gara, hormetan dauden kableak kentzera eta txukuntzera eurak etorri behar dira eta. Bestelakoan, aldamioak ipinita geunden aspaldi”. Lanak bi hilabete inguruan amaituko dituztela aurreikusi dute.
Udaletxeko lokaletan kable berriak ipintzen
Hirigintza, eta bereziki bide publikoaren zolaketari dagokionean, Nasa kaleko
lurra konpondu eta asfaltatu egingo dutela ere jakitera eman du hirigintza zinegotziak.
Magdalena auzoan, ostera, errepidean botatako galipota berritu nahi zuten, baina uste gabeko arazoak tarteko, lanak ezin izan dituzte egin. “Lurra zulatzen hasi ziren, baina behean lokalak daudela konturatu ziren. Beheko lokalei kalterik ez egiteko, kalea konpontzeko beste era bat pentsatu beharko dugu”.
Magdalenako lanak aurten ezin izango direnez egin, partida hori datorren urtera begira egitea pentsatuta zuten beste lan batera bideratzea erabaki dute. Hain zuzen ere, zailtasun maila guztietarako egokia izango den
skate pista txiki bat egingo dute, herriko gazteen eskariz. Momentu honetan, udal gobernua skate pista non kokatu erabakitzen ari da. Gabonetan nahi dituzte hasi lanak. “Gure ustez, 0-6 urte bitartekoentzako eskaintza nahikoa dago herrian, baina zaharragoentzat ez. Gaur egun, gazte asko ibiltzen dira skate gainean, eta horiei leku egokia eskaini nahi izan diegu. Pista non eraiki ahal dugun hainbat kokalekuren artean bat erabakitzea falta zaigu orain”.