Nerea Ibarzabal Salegi, Xabat Galletebeitia Abaroa , Onintza Enbeita Maguregi, Aitor Bizkarra Ruiz, Eneko Abasolo Txabarri Abarkas, Etxahun Lekue Etxebarria, Jone Uria Albizuri eta Miren Amuriza Plaza. Horiek dira zapatuan [abenduak 15] Bilboko Miribillan dagoen Bilbao Arenan 17:00etatik jokatuko den Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren final nagusian txapela eurenganatzen saiatuko diren bertsolariak.
Gaur [abenduak 11] eskaini duten prentsaurrekoan “gogotsu, etxeko lanak eginda eta finalari itxaroten” dagoela esan du
Xabat Galletebeitiak. Lekeitiarrak azpimarratu du “gorputzaldi onagaz” iritsi dela finalera, “egindako lanagaz eta txapelketagaz gustora”. Egindako lana erakusteko gogoa daukan arren, bere buruarekiko kendu beharreko zor bat ere badaukala aitortu du: “Berrizen jokatu genuen finalaurrekoan asko sufritu nuen, nik neuk bakarrik dakit zenbat. Nigaz batera, nire ingurukoek ere asko sufritu zuten”. “Pasatako horri buelta eman eta justu horretarako leku aproposena ez den arren finalean gozatzen eta gozaarazten saiatuko naiz”.
Nerea Ibarzabal markina-xemeindarrak ere orain artekoaren balorazio positiboa egin du: “Pozik nago, laburra egin zait txapelketa. Finalerdietan sartu naizenez, beste gorputzaldi bat daukat orain”.
2016ko finaleko berritasuna izan zen Ibarzabal, baina kartel hori atzean utzi eta aurten garrantzia emango dio “postu batean edo bestean geratzeari”. Finaleko zortzikoa osatzen dutenei buruz ere harro mintzatu da Ibarzabal: “Aurten bereziki oso lagun sentitzen ditudan bertsolarien lagun talde bat gara, eta seguru nago saio ona egingo dugula”.
Nerea Ibarzabal, Onintza Enbeita eta Xabat Galletebeitia. Argazkia: Bizkaiko Bertsozale Elkartea
Zortzi bertsolarietako baten buruan txapela janztearen ohorea
Jon Enbeita Ealo bertsolari muxikarrak edukiko du; “Bizkaiko Bertsozale Elkarteak omenaldi txiki bat egin nahi izan dio”. Enbeita bost aldiz ailegatu da Txapelketa Nagusiko finalera, eta 1980an bigarren egin zuen. Bizkaikoan ere bost aldiz iritsi da finalera, eta 1990 eta 1992an Araba-Bizkaiko txapeldun izan zen.
Bilboko final handiak bi atal edukiko ditu: A atala eta B atala. Lehenengoan zortzi finalistek parte hartuko dute eta bigarrena buruz burukoa izango da. “Atal biak batuta puntu gehien lortzen dituen bertsolariak jantziko du txapela”.
Lehenengo atalean zortziko nagusian hiruna bertso ofiziotan, zortziko txikian beste hiruna bertso ofiziotan, hamarreko txikian ere beste hiruna ofiziotan eta bakarkako lanean puntua emanda bertso bi zortziko txikian eta gaia emanda hiru bertso doinu eta neurri librean abestu beharko dituzte.
Beste atalean, ostera, zortziko txikian eta seiko motzean hiruna bertso abestu beharko dituzte ofiziotan. Kartzelakoan gaia emanda hiru bertso bota beharko dituzte doinu eta neurri librean.
Udabarriko fasean 13 saio jokatu ziren eta 78 bertsolarik parte hartu zuten. Udazkenean kanporaketekin hasi ziren eta lehiatu ziren bost saioetan 30 bertsolari aritu ziren. Horietatik 10 sailkatu ziren eta finalaurrekoetan zeuden zortziekin batu ziren.
Lan guzti horiek ondokoek epaituko dituzte:
Ander Txakartegi Basterretxea berriatuarra, Mirari Azula Aurrekoetxea lekeitiarra, Joseba Santxo Uriarte, Jurgi Fuentes Goikoetxea, Leire Etxebarria Gaztelu eta Miriam Juaristi Urizar. Idazkari lanetan
Itziar Basterretxea Olarreaga ondarrutarra ariko da, eta gai jartzaileak Idoia Anzorandia Kareaga eta Maite Berriozabal Berrizbeitia izango dira.
Ibarzabalek, Galletebeitiak, Enbeitak, Lekuek, Uriak eta Amurizak ostera ere parte hartuko dute, 2016an egin zuten bezala. Abarkasek berriz, 2010 lehiatu zuen finala, eta lehen aldiz ariko dena Bizkarra abadiƱarra izango da. Baina finalera iristeko bidea ez da motza izan: “Finalera heldu aurretik ibilbide luzea egin du Bizkaiko Txapelketak. Apirilean eta maiatzean jokatu zen
Udabarriko fasea; 13 saio jokatu ziren eta 78 bertsolarik parte hartu zuten”. Udazkenean kanporaketekin hasi ziren eta lehiatu ziren bost saioetan 30 bertsolari aritu ziren. Horietatik hamar sailkatu ziren, eta finalaurrekoetan zeuden zortziekin batu ziren. Berrizen,
Igorren eta
Lekeition finalaurrekoak jokatu eta gero, zapatuan jokatuko dute finala.
Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalistak eta Jon Enbeita txapela jantziko duena. Argazkia: Bizkaiko Bertsozale Elkartea
Sarrerak. Bilboko finalerako sarrerak salgai daude dagoeneko. Zapatu goizera arte
webgunean daude eskuragarri, eta zapatuan bertan, ostera, Bilbao Arenako
txarteldegian, 12:30etik aurrera. Finalera joateko asmoa daukatenentzat hainbat ohar zabaldu ditu Bizkaiko Bertsozale Elkarteak. Garraio publikoa erabiltzeko eskatu dute edo bestela zenbait herritako bertso eskolek antolatutako autobusetan izena emateko.
Markina-Xemeindik, esaterako,
autobusa antolatu dute, eta bihar [abenduak 12] da izena emateko azken eguna: “Irteera 14:00etan izango da, autobus geltokitik; itzulerarako bi aukera egongo dira: 22:00etan Miribilla aurrean edo 03:00etan udaletxe parean. Joan edo etorri bakarrik ere egin ahalko da. “Izena bihar orduko eman behar da Baskaranen. Bilboko metroan joatekotan, Alde Zaharreko geltokian jaitsi eta Unamunoko irteeratik irtenda ordu laurdenean Miribillara oinez heldu daitekeela esan dute.
Bilbao Arenako
ateak finala baino ordu eta erdi lehenago zabalduko dituzte, 15:30ean. Elkartetik garaiz joateko gomendioa egin dute, “trabarik ez egoteko”. Gurpildun aulkian finalera doazen bertsozaleek aurretiaz antolakuntzari jakinaraziz gero, beste hainbat gomendio emango dizkietela zehaztu dute. Horretarako
bizkaikotxapelketa@bertsozale.eus posta elektronikoa dago erabilgarri. Aurten ere
Umeen gunea egongo da. “Saioak iraun bitartean umeek gune horretan egoteko aukera edukiko dute, hezitzaileekin”. Sei urtetik aurrerako umeek finalerako sarrera erosi beharko dute, hiru urtetik beherakoek heldu batek lagunduta egon beharko dute, eta umeek nahi izanez gero, tarteko saiora joan ahalko dira euren arduradunagaz.