Koldo Goitia alkateak bai eta beste udal ordezkari batzuek ere harrera egin diete azkenaldian herrian erroldatu diren biztanle berriei. Azaldu dutenez, azken sei hilabetetan 80 herritar erroldatu dira. “Gehienak Nikaragua, Venezuela eta Paraguaikoak dira”. Ekitaldia udalbatzar aretoan egin dute, eta
emakumeak eta umeak izan dira nagusi; bakarrik hiru gizonezkok parte hartu dute.
Goitiak esan duenez, Paraguaikoa da Lekeition dagoen atzerritarren komunitaterik handiena. Biztanle berriei Lekeitio zer nolako herria den eta izena nondik datorren azaldu die;
Lea ibaia,
kai portua eta
txo txikia. Biztanle berriekin,
7.200 bizilagun dira gaur gaurkoz Lekeition erroldatuta daudenak.
Uda sasoian herrira jende asko etortzen dela eta uztailaren amaieran eta abuztua hasieran 18.000 eta 19.000 pertsona batzen direla ere azaldu diete. Herrian dituzten zerbitzuak, laguntza non bilatu ahal duten eta herriko jai eta ohiturak ere ezagutzera eman dizkiete. Hori guztia hobeto jasota edukitzeko eta herria hobeto ezagutzeko, baina, Elkarbizitza taldearen bidez hizkuntza ezberdinetan dagoen gida ere eman diete. Azkenik, Ongizate Zerbitzuko ordezkariak asteon ospatzen ari diren Aniztasun Astearen berri eman eta horretan parte hartzeko gonbitea luzatu die.