5.060 euro batu dituzte Haurtzaro Solidarioa proiektuaren bitartez
Beste urte batez, Iparralde Hegoalde misio taldeak Haurtzaro Solidarioa izeneko kanpaina jarri du martxan, eta bigarren eskuko liburuen eta jostailuen azoka egin zuen domeka eguerdian, Gernika-Lumoko Merkatu Plazan. Guztira, 5.060 euro bildu zituzte az...
2005ean sortu zuten Jainko Haurraren etxea, eta heziketa formal eta integrala emateaz gain, boluntario lanetan diharduten mojek eta beste hainbat langilek familia giroa bermatzea dute helburu. Modu horretan, asko izan ziren domekan elkartasuna adieraztera Merkatu Plazara hurbildu ziren herritarrak: bigarren eskuko jostailu eta liburuak begiztatzen eta erosten ibili ziren asko.
Halaber, Gabon errifaren zozketa ere egin zuten, eta zenbaki irabazlea 2.478 dela jakitera eman zuten antolatzaileek; ZalloBarri Jatetxean afaria irabazi du txartelaren jabeak. Ordezko zenbakia 2.598 da.
Hamahiru urteko ibilbidea
Iparralde-Hegoalde taldeak hainbat ekintza egiten ditu Haurtzaro Solidarioa proiektuari lotuta. Familientzako hitzaldiak, katekesia, jostailu bilketak, zozketak, ospakizunak… antolatzen dituzte, eta hainbat ekitalditan, Kosnoagako gazteen eta bestelako taldeen laguntza edukitzen dutela zehaztu dute.
Hala, baina, guztien artean Gabonetako bigarren eskuko azoka dela ekitaldi nagusia zehaztu dute. Beste urteetan egin legez, aurten ere, Katekesietara doazen umeek euren etxeetan dituzten jostailuak eman dituzte azokarako.
2005. urtetik gaur egunera, ikasturtearen lehenengo hiruhilekoan egiten dute bigarren eskuko liburuen eta jostailuen elkartasun azoka, eta hamabi aldietan 66.574 euro bildu dituzte. Eta aurtengoagaz, denetara 71.634 euro batu dituztela jakinarazi dute.
Urdaibaiko katekesiak elkartasuna lantzeko asmoagaz antolatutako azokatxoa Gabon garai honetan eginda, «kontsumismoari buruzko hausnarketa» egitera bideratu gura izan ditu herritarrak.