Ibarraren 'June' lana Nigeriako Inshort jaialdirako aukeratu dute
Arantza Ibarra Basanez zinemagile ondarrutarrak zuzendutako June film laburra Nigeriako Inshort 2018 jaialdi entzutetsuaren sail ofizialerako aukeratu dute. Albistea herenegun eman zioten zinemagile ondarrutarrari; «sekulako ilusioa egin dit».June Bi...
June Bilboko FANT Zinemaldi Fantastikoan aurkeztu zuten maiatzean, eta orduz geroztik, nazioarteko hainbat jaialditan parte hartzeko aukeratu dute. Euskal Herriko jaialdietan ezeze, Txileko, Paraguaiko, Kolonbiako, Argentinako, Mexikoko, Indiako, Portugalgo, Galiziako eta Asturiasko jaialdietarako aukeratu dute.
Ibarrak azaldu duenez, 2010. urtean zuzendu zuen Zigortzaileak filma ere nazioarteko hainbat jaialditarako aukeratu zuten; Argentinan, Italian, Hungari- an… egon zen ikusgai, baina zuzendu dituen film laburretatik June izan da gehien mugitzen ari dena. «Egia esan, ez nuen espero lana hainbeste jenderi gustatuko zitzaionik».
Azken egunotan ere June aurkezten ibili da Ibarra. Aurreko astean, esate baterako, Durangoko Azokan egon zen, eta bertan jende asko batu zela nabarmendu du. «Jendea oso pozik eta hunkituta ikusi nuen. Horrelako erantzuna ikusita, neuk ere pozik irten nuen».
Beste lan bat, Argentinan
Vianako (Nafarroa) Erraldoien eta buruhandien konpartsaren enkarguz egindako Los 4 gigantes film labur dokumentala, berriz, Paranako (Argentina) PIFF nazioarteko film jaialdirako aukeratu dute. Aurreko zapatuan estreinatu zuten. «Lana uztailean estreinatu genuen Vianako jaietan, eta hurrengo emanaldia Argentinan izateak asko poztu ninduen».