Ondarroako Arnasak 'Fibrosi kistikoaren alde igerian' ekimenean parte hartzeko deia egin du
Fibrosi kistikoaren alde igerian elkartasunezko ekimena egingo dute zapatuan [abenduak 15], 17:00etatik 19:30era, Elgoibarko Olaizaga kiroldegiko igerilekuan, Elgoibarko Igeriketa Taldekoen ekimenez. Ahal denik-eta lagun gehien batu nahi dituzte igerian, eta Ondarroako Arnasa elkarteko kideek bertara joateko deia egin diete eskualdeko kirolzale guztiei.
Ekimena fibrosi kistikoa dutenei laguntzeko eta kolektiboari ikusgarritasuna emateko izango da, eta bertan edozeinek parte hartu ahal duela nabarmendu dute. Igerilekura doazenek fibrosi kistikoa dutenen aldeko nahi duten edo ahal duten beste metro igeri egiteko aukera izango dute, elkartasuna adierazteko. Horretarako igerilekuko lau kale erabiliko dira. “Kale bakoitzean erritmo antzerakoa duten igerilariak batuko dituzte”.
Sarrerarik ez dute kobratuko, baina Arnasaren alde busti nahi duenak borondatea emateko aukera izango dute. Ekimenaren bukaeran, parte hartzaile guztiek egindako metroak batuko dira.
Kiroldegira bertaratzen direnek gaitzari buruzko informazioa eskuragarri edukiko dute sarreran ipiniko duten mahai informatiboan. Elkarteko materiala ere salgai egongo da.