Xemeingo zubiko eta Zelaiko tiroketak gogoratuko ditu Ahaztuen Oroimenak
'Frankismoaren atzaparkadak' izeneko hitzaldia emango dute bihar, Uhagonen. Frankismo garaietan sakondu eta biktima batzuk ezagutzera eman nahi dituzteAhaztuen Oroimena 1936 elkarteak frankismo garaiko gertaera larri bi mahai gaineratuko ditu bihar 19:...
‘Frankismoaren atzaparkadak’ izeneko hitzaldia emango dute bihar, Uhagonen. Frankismo garaietan sakondu eta biktima batzuk ezagutzera eman nahi dituzte
Ahaztuen Oroimena 1936 elkarteak frankismo garaiko gertaera larri bi mahai gaineratuko ditu bihar 19:00etan Markina-Xemeingo Uhagon kulturguneko lehen solairuko erakusketa gelan eskainiko duen hitzaldian. Indar polizialen urte haietako izaera eta jarduteko modua islatu nahi dituzte Frankismoaren atzaparkadak Markina-Xemeinen izenburupean prestatu duten ekitaldian. «Memoria historikoak bere baitan hartzen dituen frankismo garaiko gertae- retan sakondu, eta erregimenaren atzaparkadek utzitako biktima batzuk aurkeztu nahi ditugu», azaldu dute.Bi gertaerak argitzeko, dokumentazio lanagaz gain, testigantzak ere jaso ditu elkarteak. «Testigantzek osatzen lagundu dituzten gertaera haien nondik nora- koak ezagutu ahalko dira, eta artxibo eta epaiketa militarrek sumario zein agiriek borobilduko dute urte haietan jaso zena».
Tiroketak
Alde batetik, 1952ko irailaren 7an, Guardia Zibilak gizon bat tiroz hil zuen Xemeingo zubian atxilotze saiakera batetik ihes egin ondoren. Pertsona horren bizitzaren ibilbidea eta heriotzaren testuingurua aurkeztuko dituzte agerraldian.
Bestalde, 1967ko abenduaren 19ko iluntzean Guardia Zibilak auto bat tirokatu zuen Markina-Xemeingo Zelaian. «Lau gazte ziren, Seat 600 batean zihoazenak, eta autoak 60 bala zulo izan bazituen ere, aurrera jarraitzea lortu zuten. Geroago, horietako hiru Aulestin atxilotu zituzten guardia zibilek». Gertaera hori lehen pertsonan bizi izan zuten bi gaztek emandako testigantzak ikusi eta entzun ahalko direla aurreratu dute Ahaztuen Oroimena elkartekoek.
Bi gertaera horiek urte haietan utzitako oihartzuna uste baino zabalagoa izan dela nabarmendu dute. Horregatik, jaso ahal izan dituzten zehaztasun guztiak zabaldu nahi dituzte jendartera. «Bi gertaera hauek argitzen saiatu gara, eta baliteke beste batzuk ere argitze bidean jartzea. Horregatik, bertaratzeko asmoa duten herritarrak entzule soil izatetik parte hartze aktiboa erakutsi eta ekarpenak, galderak edo oroimenean gordetakoa zein edozein hausnarketa azaleratu eta partekatzera gonbidatu nahi ditugu».
Hitzaldi hori ere, Ahaztuen Oroimena elkarteak Markina-Xemeingo Udalagaz eta Euskal Memoria Fundazioagaz batera osatu duten Gogoan hartzeko izenak erakusketagaz uztartu dute, «erregimenak zapaldutako pertsonen izenak jaso eta ahanzturatik atera asmoz». Abenduaren 22ra arte egongo da ikusgai erakusketa.