Urtea hasi orduko profesional mailan debutatuko du Ekaitz Mendizabal Lete
Goixerri (New Haven, Connecticut, AEB, 1999) puntista mutrikuarrak. Zesta-punta zainetan darama puntista mutrikuarrak. 3 urte besterik ez zituela jantzi zuen estreinako zesta bat, eta, orain, Floridako (Amerikako Estatu Batuak) Dania Jai Alai frontoian jokatzeko kontratatu dute.
Gustura jaso duzu berria?
Oso gustura. Ez nuen espero 19 urterekin deituko zidatenik. Aukera izatekotan, beranduago izango nuela uste nuen. Baina aukera orain sortu da, eta aukerak momentuan bertan aprobetxatu behar dira.
Zeinek egin zizun proposamena?
Jon Goenagak (Daniako frontoian jokatzen ari den mutrikuarra) deitu zidan esaten enpresakoak nirekin interesatuta zeudela. Daniako koadroko batek zesta-punta utzi du. Lekua zegoela, eta pentsatzeko eskatu zidan. Erraza izan zen erabakia hartzea. Azkenean, proposamena onartzea erabaki nuen bi aldiz pentsatu gabe.
Ekaitz Mendizabal, zesta eskuan
Zenbat denborako kontratua egin dizute?
Urtebeteko kontratua egin didate; urtarrilaren 2tik abenduaren 31 arte.
Daniako jokalarien kadroan ez zara mutrikuar bakarra.
Jon Goenaga, Erik Mendizabal eta Asier Beitia ere bertan daude. Guztira, 36 pilotarik osatuko dugu Daniako koadroa.
“Umetatik zesta-puntan hasten garen denon ametsa da Ameriketako Estatu Batuetan profesional modura debutatzea”
Eta Jon Goenaga kantxa berean egonda, bere babesa ere izango duzu.
Konfiantza handia dugu, eta nik uste dut berak asko lagunduko didala; batez ere, hasieran. Ez dakit hango bizimodua zelakoa den, eta gauza asko egin beharko ditut hara joaten naizenean.
Txikitatik izan duzun amets bat egin bihurtu dela esango zenuke?
Umetatik zesta-puntan hasten garen denon ametsa Ameriketako Estatu Batuetan profesional modura debutatzea da. Niri orain ailegatu zait aukera hori, eta oso pozik nago.
Aita ere puntista profesionala izan zen. Gomendiorik eman dizu?
Norbera bertan egiten dela pilotari nabarmendu dit. Oro har, esperientzia polita dela eta lasai joateko esan dit. Gozatzeko eta han dauden goi mailako profesionalengandik asko ikasteko ere gomendatu dit.
Eta lasai al zaude?
Momentuz lasai nago. Beharbada, eguna hurreratzen den heinean urduri jarri ninteke, baina oraindik lasai nago.
Hasiberria izatea ere ez da batere erraza izango. Zure buruari datorren urtera begira helbururik jarri diozu?
Nire helburua besteengandik ikasi eta esperientzia hartzea da. Gerokoan etorriko dira garaipenak.
Han kinielatara jokatuko duzu. Non jokatzen duzu gusturago, kineletan edo partiduetan?
Bizitza osoa partiduak jokatzen egon naiz, eta partiduetan oso gustura ibiltzen naiz. Xisterako zirkuituan azkenaldian hainbat kiniela jokatu ditugu, eta hor ere nahikoa ondo moldatu naiz; ez naiz sentitzen lekutik kanpo.
Ekaitz Mendizabal ‘Goixerri’
Pilotariok beti izan duzue jokaldi gustukoren bat. Zein da zurea?
Sakea asko sartzea oso gustuko dut, baita ere hegaletik bi paretak botatzea.
Orain arte ibilitako zestarekin joango zara ala berria eskatu duzu kanporako?
Bi zesta egingo dizkidate hemen Mutrikun. Momentuz, bat amaitu didate, eta kantxan probatzen hasia nago.
Zeinekin hasi zinen zesta-puntan jokatzen?
Aitarekin hasi nintzen. Bera izan da Mutrikuko zesta-punta eskolan entrenatzailea, eta umeak entrenatzera etortzen zen bakoitzean, ni ere beti etortzen nintzen berarekin.
Zesta-punta, beraz, hurbiletik bizi izan duzu.
Etxean beti bizi izan dut zesta-punta. Ameriketako Estatu Batuetan bizi ginenean ere, aitaren kaskoa eta kamiseta jantzita eta zesta arrastaka ibiltzen nintzela esan ohi didate.
“Nire aldetik, Xisterari eskerrak eman nahi dizkiot azken urteotan egin duen lanagatik; oso lan ona egin du”
Danok Baten hazi zara. Zelan ikusten duzu orain eskolaren egoera?
Danok Bat oso aberats ikusten dut. Niri, egia esan, asko eman dit. Euskal Herriko eskolarik garrantzitsuenetariko bat da. Azken urteotan hainbat txapelketa irabazi ditugu, eta hori ere aipatzekoa da. Emaitza horiek lortzeko urte guztian sekulako lana egin behar da. Hor goian egotea oso garrantzitsua da. Ni ume-umetatik hasi nintzen, eta hemen egon naiz jokatzen bizitza osoa, eta klubari eskerrak eman nahiko nizkioke.
Danok Bateko etorkizuna zelan ikusten duzu?
Ondo! Etorkizuna, momentuz, ziurtatuta dagoela esango nuke. Hainbeste ume eta gaztetxo dabiltza.
Bestelakoan, zelan ikusten duzu zesta-puntaren egoera?
Kirola ez dago bere onenean ere, baina Xistera moduko proiektuei esker afizionatu mailan ibiltzeko ondo dago.
Ekaitz Mendizabal, Mutrikuko Miruaitz frontoian
Xisterak zesta-puntari eman dion bultzada zer deritzozu?
Bertan hainbeste pilotarik jokatzen dugu, eta hori eskertzekoa da. Nire aldetik, Xisterari eskerrak eman nahi dizkiot azken urteotan egin duen lanagatik; oso lan ona egin du. Lehen, egia esan, afizionatu mailan ez zegoen txapelketa askorik, eta, orain, Xisterari esker, asko daude. Oso proiektu interesgarria eta polita da. Bertan jokatzen ari garen neska-mutilok gustura gaude.
Hainbeste txapelketa irabazi dituzu. Zuretzat bateren bat berezia al da?
Gipuzkoako txapelketa oso berezia da niretzat. Alebina nintzenetik hainbat aldiz jantzi dut txapela, aurten izan ezik, urtero. Xisterako Interjai txapelketako finala irabazteak ere ilusio handia egin zidan. Izerdia ondo botata irabazi genuen.
Daniara joan aurretik, gainera, txapelketaren bat jokatzea falta zaizu hemen.
Zapatuan [abenduak 15] Xisterako finalerdiak jokatuko ditut Mikel Elkororekin batera Mutrikun, beste bi bikoteren aurka. Irabaziz gero, datorren astean Markina-Xemeingo finalean aritzeko aukera izango dugu.
Afizionatu maila txapel batekin agurtzea polita litzateke, ezta?
Polita izango litzateke Markina-Xemeingo finala jokatzeko aukera edukitzea, eta modu horretara zaleak agurtzea. Baina maila oso ona dago, eta ez badugu irabazten ere, ez da ezer gertatzen.