Gabonak direla eta, udalak tabernen itxiera ordua luzatu du
Itxiera ordua bi orduz luzatuko dute abenduaren 15ean, 22an, 24an eta 31n. Lau egun horietan itxiera orduak errespetatu eta hainbat baldintza bete beharko dituzteOndarroako Udalak jakitera eman duenez, Gabonetako eta Gabon aurreko egun batzuetan herrik...
Itxiera ordua bi orduz luzatuko dute abenduaren 15ean, 22an, 24an eta 31n. Lau egun horietan itxiera orduak errespetatu eta hainbat baldintza bete beharko dituzte
Ondarroako Udalak jakitera eman duenez, Gabonetako eta Gabon aurreko egun batzuetan herriko tabernen itxiera ordua bi ordu luzatuko da. Ondoko egunetan aldatuko da itxiera ordua: abenduak 15, 22, 24 eta 31.Lau egun horietan, ondoko itxera ordua edukiko dute: bigarren taldekoek (tabernak, ardandegiak, kafetegiak, jatetxeak…) 04:30ean itxi ahalko dute gehienez, hirugarren taldekoek (taberna bereziak, klubak, pubak…) 06:00etan, eta laugarren taldekoek (dantzalekuak, diskotekak, kafe antzokiak…), 08:00etan.
Udalak aginduta, itxiera ordua bi orduz luzatuko bada ere, hainbat baldintza bete beharko dituzte tabernek. 03:00etatik aurrera, tabernek musikaren bolumena jaitsi beharko dute; gehienez, 65 dezibel onartuko dira. Ixteko ordutik aurrera, bestalde, musika kendu eta lokala guztiz itxi beharko da. Lokala husteko 30 minutu egongo direla jakitera eman dute. Era berean, kalean ezingo da musika ekiporik ipini.
Sei ordu, gutxienez
Beste baldintza batzuen artean, lokaletako ateak itxita egotea zaindu beharko dute, «soinua kanpora ez ateratzeko eta auzokideei ez eragiteko». Komunak, aldiz, irekita eta osasun egoera egokian egon beharko dira.
Terrazak dituzten tabernek 02:00etarako kenduta eduki beharko dituzte, eta Kontsumoaren Legeagaz bat etorrita, kaltebideetan alkohola kontsumitzeari buruz indarrean dagoen araudia errespetatzeko gogorarazi dute.
Amaitzeko, establezimenduak ixten direnetik berriro zabaltzen direnera arte, gutxienez sei orduko epea errespetatu beharko da.