Kanporaketetarako sailkapen historikoa lortu du Gernikak Eurokopan
Neurketa ez da batere erraza izan gernikarrentzat. Nahia Anitua eta Marta Alberdi harrobikoek ere jokatu dute. 24 talde daude, eta urtarrilaren 3an eta 10ean jokatuko dituzte partiduakMultzoen fasetik Eurokopako kanporaketetarako sailkapena lortu du kl...
Neurketa ez da batere erraza izan gernikarrentzat. Nahia Anitua eta Marta Alberdi harrobikoek ere jokatu dute. 24 talde daude, eta urtarrilaren 3an eta 10ean jokatuko dituzte partiduak
Multzoen fasetik Eurokopako kanporaketetarako sailkapena lortu du klubak dituen 22 urteetan lehen aldiz Lointek Gernika Bizkaiak. Taldearen historian beste orri bat idatzi zuten eguazten iluntzean Mario Lopezek eta jokalariek. Europan saskibaloiak daukan emakumeen lehiaketa garrantzitsuenetako batean aurrera egin eta Eurokopako play-off-etara sailkatzea lortu zuten, Uniao Sportiva 84-66 mendean hartuta Malosten. Horrez gain, Gironak Gyor taldeari irabazi izanak sailkapenaren bidea zabaldu zion talde gernikarrari.Dena edo ezer ez. Hori zen Eurokopako multzoen faseko azken jardunaldian Malosten gerta zitekeena. Neurketaren hasiera ez zen batere erraza izan. Urduritasunak eragindako hutsengatik batetik eta portugaldarren Monteiro-Coulibaly bikotearengatik bestetik, lehen laurdena oso gogorra izan zen. 18-18 berdinketagaz amaitu zen.
Bigarren laurdenean, Gernikak aurten erakutsi duen indarguneetako bat jarri zuen martxan, kontraerasoa, gehien bat Blake Dietricken eskutik. Urruneko hamasei jaurtiketetatik bost sartu zituzten Mario Lopezenek, eta atsedenaldirako hiru minuturen faltan, 33-28 zegoen markagailua. Azken hamar segundoetan Berezhynskaren kontraeraso batek eta Soierok kantxa erditik egindako jaurtiketa batek 35-34 estutu zuten markagailua.
Festa Malosten
Bigarren zatiaren hasieran gernikarrak «nahi eta ezinean» ibili ziren. Lointekek ematen zuen kolpe bakoitzari erantzuten zioten portugaldarrek.
Ordurako, Hungariatik albiste onak iritsita zeuden Malostera, Girona ihes eginda baitzegoen markagailuan; Gernikak bere neurketa irabazteagaz nahikoa zuen; Gironak 56-78 hartu zuen mendean CMB Cargo Uni Gyor. Azken laurdenaren hasieran sartutako 12-0eko partzialak partidua hautsi zuen. Blake Dietrickek hartu zuen taldearen kontrola, eta portugaldarrek eskuak jaitsi zituzten. Hiru minuturen faltan, 20 puntu goitik zeuden gernikarrak. Festa piztu zen Malosteko harmailetan.
Hori gutxi ez, eta Nahia Anitua eta Marta Alberdi harrobiko jokalariek ere minutuak eduki zituzten gernikarren festan. Azkenean, 84-66, eta Eurokopan jarraitzeko txartela.
Naiara Diezek partidu amaieran aitortu zuen «partidu oso gogorra» izan zela, baina Malosten oso ondo jokatzen dutela. «Gure jokoa berreskuratu eta sailkapena lortu dugu, ezin dugu gehiago eskatu».
Mario Lopez entrenatzailearen esanetan, neurketak bi zati «oso ezberdin» eduki zituen. «Lehenengoan oso eraginkor aritu ziren, eta bigarren zatian guk hobeto defendatu genuen, eta errebotea ere kontrolatu genuen. Aipatzekoa da baita ere gure pibotek bigarren zatian egin duten lana».
Urduritasunari eta lehen zatiari buruz galdetuta, Lopezek azpimarratu zuen partidua hasieratik hautsi nahi izateak askotan arinegi jokatzera eraman zituela, eta horrek eraginkortasun handiegirik ez edukitzea sorrarazi zuela lehen zatian.
Zozketaren zain
Sailkapena lortu ostean, Europako 24 talde onenen artean dago Lointek; bart gauean egin zuten kanporaketetarako zozketa.
Sailkatuta dauden 24 taldeekin, multzo bakoitzeko lehenengo eta bigarren sailkatu eta zonalde bakoitzeko multzoetako hirugarren sailkatutako bi talde onenekin sailkapena egin du FIBA erakundeak, Lehiaketaren Oinarriak kontuan hartuz. Talde bakoitzaren garaipenen, porroten eta average-aren arabera antolatu dute zerrenda.
Sailkapen horretako lehen zortzi sailkatuak zuzenean igaro dira final hamaseirenetara, eta gainontzekoek, Gernika KESB tartean, joaneko eta itzuliko partiduak edukiko dituen kanporaketa jokatu beharko dute. Zerrendako hurrenkeraren arabera antolatuko dituzte kanporaketak: 9-24 / 10-23 / 11-22 / 12-21 / 13-20 / 14-19 / 15-18 / 16-17. Atzo iluntzean amaitu zen multzoen fasea. «Kanporaketa horri dagoz- kion partiduak urtarrilaren 3an eta 10ean jokatuko dira, eta Gernikak etxean jokatuko du lehenengo neurketa».