Poliomielitisa jasandakoen eta haien amen bizipenak gaitzat hartuta egin du gradu amaierako lana Ihintza Lapazaranek (Ondarroa, 1996) Euskal Herriko Unibertsitateko Psikologia Fakultatean, Euskadiko Polio Elkarteak (EPE) egindako gonbidapenari erantzunez. Lapazaranek elkarteagaz lanean jarraituko duela aurreratu du,
oraindik ikertzeko asko dagoela eta.
Zelan piztu zitzaizun ikerketa egiteko interesa?
Elkarteko kide batek proposatuta; psikologiako gradu amaierako lana prestatu behar nuela jakinik, gaixotasuna alderdi psikologikotik lantzea proposatu zidan. Ez neukan gaixotasunaren inguruan gauza handirik entzunda, eta interesgarria iruditu zitzaidan.
Zer da poliomielitisa?
Poliomielitisa edo polio gaixotasuna haur paralisi modura ere ikusia da, gehienbat haurrei eragin zien eta. Oso gaixotasun infekziosoa da. Nerbio-sistema zentrala kaltetu ohi du, eta neurona motorrak suntsitu. Paralisi osoa edo partziala sorrarazten du gorputzean, eta kalte oso larriak eragin. Nahiz eta garai batean gizakien gaixotasun infekzioso nagusietako bat izan, gaur egun, txerto bati esker, kontrolaturik dago mundu guztian.
Ihintza Lapazaran, Ondarroako Arrigorriko begiralekuan.
Zer lortu nahi izan du EAEko polio elkarteak ikerketaren bidez?
Frankismoan, polioaren epidemia egon zen, eta horren berri izanda, eta aurre egiteko txertoak bazeudela jakin arren, erregimen frankistak ez zuen epidemia zegoela onartu. 1959a izan zen epidemia latzena: 2.130 kasu agertu ziren. Gaixotasunari aurre egiteko neurriak oso berandu hartu zituen, eta horrek arazo latzak eragin zituen. Elkarteak agintari frankisten arduragabekeria salatu nahi du, eta, gaurko egunera begira jarrita, estatuak poliomielitisaren ondorenak onartzea.
Zure lanean prentsaren irakurketa egin duzu, eta horrek, era berean, gizartearen pertzepzioaz jabetzeko ere balio du….
Lehenengo urteetan, ezikusiarena egin zen gaixotasunaren aurrean. Baina gaixotasuna ikusarazi zenean, sentimendu eskasa zegoen gaixoa eduki zutenekiko; arbuioa. Txarto ikusita zeuden.
“Gizartearen antolaketa dela eta, poliomielitisa jasandako emakumeek gizonek baino ondorio larriagoak eduki zituzten”
Horren aurrean, poliomielitisa jasan zutenak zelan sentitzen ziren?
Presiopean. Ahalegin berezia egin behar izaten zuten, desberdin ez sentitzeko; besteen beste zirela erakusteko. Gizarteak presionatu egiten zituen. Emakumeen kasuan, emakume borrokalariak eta ausartak izatea exijitzen zitzaien, maskulinitateari egozten zaizkion ezaugarriak, bestalde.
Lana generoaren ikuspegitik landu duzu. Ze irakurketa egin duzu?
Emakumeek diskriminazio bikoitza jasan zuten. Gizartearen antolaketa dela eta, poliomielitisa jasandako emakumeek gizonek baino ondorio larriagoak eduki zituzten. Izan ere, gizarteak bigarren mailako papera eman izan die emakumeei; eta diskriminazio horregaz nahikoa ez eta poliomielitisa gehituz gero, diskriminazioa bikoitza jasan zuten emakume haiek. Beraz, estereotipo sozialak direla eta, gizarteak emakume haiek asexual, ez erakargarri, ama izateko gaitasunik gabekoak eta ezkongabe bezala irudikatzen zituen.
Zelan bizi izan zuten gaixotasuna poliomielitisa jasan zuten emakumeek?
Emakumeek batez ere nerabezaroan sufritu zuten; oso gaitza egin zitzaien. Deseroroso senitzen ziren, beldurrez; sufritzen. Presio horren eraginez, euren burua arbuiatzera heltzen ziren. Errudun sentitzen ziren; arraro. Eta ama izateko ere beldurrez. Hori bai: elkarrizketatu ditudan emakumeek ez dute amorrurik erakutsi. Poliomielitisa eduki zuten gizonezkoak baino gutxiago kexatzen dira.
Emakumeek, gizarte mailan ezeze, etxean ere sentitzen zuten presioa, ezta?
Familiak ere presionatzen zituen gaixotasuna pasatu zuten emakumeak. Kontuan hartu behar dugu ze garairi buruz ari garen. Garai hartan, emakumeak ezkondu eta familia edukitzea ikusten zen normalena. Eta familiak ikusten zuen alaba ezkondu barik geratuko zela eta ez zuela familiarik edukiko. Arrazoi horregatik, ikasketak egitera bideratzen zituzten.
Gaixotasunak emakumeengan eduki duen eragina aztertzean, amak kontuan hartu nahi izan dituzu. Zer dela eta?
Familian, amak izaten ziren umearen ardura hartzen zutenak. Han zeuden ebakuntzetan; han zeuden eguneroko zainketan. Zama ekonomikoa ere handia zen, ebakuntzak zirela eta ez zirela. Ama batzuek lana ere utzi behar izan zuten egoera horri erantzuteko, baina, era berean, zama ekonomikoa euren gain hartuta.
Zelakoa izan da ama haien erreakzioa elkarrizketetan?
Denak negarrez hasten dira. Azken batean, bizitza guztian euren gain hartu duten ardura bati buruz ari gara.
Zenbat lagun elkarrizketatu dituzu?
Bost ama, eta polioaz kaltetutako zortzi emakume eta lau gizon. Baina, esan modura, elkarrizketa asko gelditzen zaizkit egiteko.
Aurreikusten ez zenituen beste ondorio batzuk ere atera dituzu?
Ikusten dudana da batez ere amek frankismo garaiko gobernuarekiko amorrua badaukatela, baina batez ere gaur egun agintean daudenei ere leporatzen dietela ardura, ez dutelako onartu nahi estatuak eduki zuen ardura; haien ustez, ordungo agintariak modura, gaur egungoak ere berdin ari dira jokatzen. Polioagaz gertatu modura, polioaren osteko sindromea ere zerbait ezezagun eta arrotz bezala hartzen du gizarteak. Engainatuta sentitzen dira.
Zer da gaur egun polioak kaltetutakoek bilatzen dutena?
Bizitza guztia gaixotasunagaz bizi ondoren, ez daukate lehengoagaz kexatzeko horrenbesteko gogorik. Polioak kaltetutako askok polioa eta polioren ondorengo sindromea aintzat hartzea eskatzen dute, funtzionalitatearen eta autonomiaren galera eragiten duen sindromea. Batez ere, gaur egungoa nahi dute aldarrikatu, orain Polioaren Osteko Sindromea sufritzen dute eta. Bizi kalitate hobea aldarrikatzen dute, laguntza sanitario eta psikologikoen, sozio-ekonomikoen eta teknikoen bitartez endekatze prozesua mantsotzeko.
Lana amaitu ostean, elkarteari laguntzeko prest jarraitzen duzu?
Gradu amaierako lana egiteko denbora mugatua daukazu. Eta jende gehiago dagoenez prest elkarrizketa egiteko, elkarrizketak egiten jarraituko dut. Ez ditut bakarrik poliomelitisa eduki dutenak elkarrizketatuko, ez bada ze, baita haien amak ere, lanean egin dudan modura.
Zerk bultzatzen zaitu aurrera jarraitzera?
Gauza bidegabea dela ikusten dudanez, elkarteagaz lanean jarraitzeko gogoz nago. Elkartearen aldarrikapenekin bat egiten dut. Interes faltagatik bere garaian txertoa emateko gai ez izateagatik gaur egun ondorioak pairatzen egotea ez da bidezkoa.