Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak Mutrikuko Eguneko Zentro berria bisitatu du gaur [abenduak 17] goizean, Maite Peña Gizarte Politikako diputatuarekin eta Jose Angel Lizardi Mutrikuko alkatearekin batera.
Lehenik eta behin egoitza bisitatu dute Aintzane Uriguen Mikel Deuna egoitzako zuzendariarekin, Jontxu Elordi Mikel Deuna Egoitza fundazioko batzordekiderekin eta egoitzako beste hainbat langilerekin batera. Bertako instalazioak bertatik bertara ikusteaz gain, egoitzako
egoiliarrak ezagutu eta horiekin ere hitz egiteko tartea izan dute. Ondoren, Eguneko Zentroa jaitsi dira, eta bertan zain izan dituzte zentroko zazpi erabiltzaileak.
Pozik jaso dute ahaldun nagusiaren, diputatuaren eta alkatearen bisita, eta Herminia Aranzabalek Eguneko Zentroko erabiltzaileen izenean eurek egindako
opari bana eman die Olanori eta Peñari, esker onez.
Herminia Aranzabal opariak banatzen
Olanok agertu duenez, Aldundiak 335.600 euroko inbertsioa egin du Eguneko zentro berria zabaltzeko. “Bertan hamar plaza hitzartu ditugu,
hogeira zabaltzeko aukerarekin, eta horri esker erabiltzaile mutrikuarren eskaerari erantzun diogu. Hain zuzen, udalerri ertainen artean Mutriku zen Eguneko Zentrorik gabeko bakarra”. Beraz, eguneko zentroko 10 toki berri hauek Mikel Deuna egoitza zentroak dituen 48 plazari gehitzen zaizkio, mendekotasuna duten adineko pertsonei arreta emateko.
Mutrikuko alkateak gogorarazi duenez, Eguneko Zentroa ekarpen historia izan da Mutrikurentzat, urte askoan egindako eskaera errealitate bihurtu delako. “Pozik gaude”.
Ahaldun nagusiaren bisita
Azaroaren erdialden inauguratutako zentro berriak baimendutako hogei plaza baditu ere, Aldundiak
oraingoz hamar plaza hitzartu ditu. Mikel Deuna egoitzako zuzendariak azaldu duenez, Eguneko Zentroak dagoeneko zazpi erabiltzaile ditu, eta horietati sei orain arte Debako Eguneko zentrora joaten ziren mutrikuarrak dira, eta zazpigarrena eskaera berri bat izan da.
Olanok gaineratu duenez,
zerbitzuak bultzatzen eta indartzen ari dira adinekoei kalitatezko arreta eskaintzeko etxean, eta ahalik eta denbora gehien jarraitu ahal izateko bertan. Neurri horien artean aipatu du
Etxean Bizi programa pilotua.