Bermeoko Udala, 2018ko EloGE zigilua jasotzeko hautagai
Bermeoko Udala 2018ko Bikaintasunerako Europako Labela - ELoGE 2018 jasotzeko hautagai izendatu dute. Gaur 11:30ean jakinaraziko dute zigilua jaso dituzten udalak zeintzuk diren.ELoGE Zigilua Europako Kontseiluaren tresna da; udalek gobernantza oneko e...
ELoGE Zigilua Europako Kontseiluaren tresna da; udalek gobernantza oneko eta berrikuntza demokratikoko hamabi oinarritan aurrera egitea du helburu; etika, gardentasuna, parte hartzea, kontu ematea, finantzen kudeaketa eta eraginkortasuna dira, beste beste, oinarriak.
Bermeokoagaz batera, Amurrioko, Legazpiko eta Zamudioko Udalak ere zigilua jasotzeko hautagaiak dira. Hautagai moduan parte hartu ahal izateko, udalek gobernantzako 97 praktika on probatu behar dituzte autoebaluazioko 97 adierazletan, eta haren emaitzak egiaztatu gobernu taldeagaz eta oposizioagaz, bai eta herritarrekin ere, inkesten bidez.
Kudeaketa eraginkorra
Eudelek babestuta, udalak hiru hilabete baino gehiago egon dira beraien talde politiko eta teknikoekin lanean, Bizkai, Araba eta Gipuzkoa mailan egingo den ELoGE Zigiluaren bigarren ekitaldira aurkeztu ahal izateko.
Imanol Landa Eudelen elkarteburuak eta Alina Tatarenko Europako Kontseiluko ordezkariak jakinaraziko dituzte zigilua jasoko duten udalen izenak.
Tatarenkok nabarmendu duenez, Europako Bikaintasun Labela «ez da azken helburu bat, abiapuntua baizik, pizgarri bat udal kudeaketa eraginkorrean pixkanaka-pixkanaka aurrera egiteko».
Modu horretara, «udalek gobernu onaren arloan, eta, horrenbestez, herritarrentzako zerbitzu publikoen kalitatean etengabeko hobekuntzako ekintza planak inplementa ditzaten bilatzen eta sustatzen du ELoGEk».
Udalak Europako Zigilua jasotzeko hautagai izateko aurretiazko betebehar modura, Europako Kontseiluak zilegitutako eskualde plataforma izendatu zuen Eudel 2017an.