Aurten ere Ondarroako Udalak antolatuko du
34. Egia-Iriondo memoriala, Ondarroako Atletismo Taldearen laguntzagaz. Udalak bigarrenez antolatu du kirol proba, eta Unai Barrenetxea kirol zinegotziak nabarmendu duenez, iazko antzeko formatuan egingo dute, baina betiko izaerari eutsiz. Oro har, giro polita sortu nahi dute, eta nagusien lasterketan, ahal bada, parte hartzea gehitu. “Ea aurten 150 parte hartzailetik gora batzen ditugun”.
Gaineratu dutenez, aurtengoa ere zapatuan egingo da,
abenduaren 29an, partaidetza gehitzeko asmoagaz. “Proba lehen domeketan egin zen, baina jende askok aurreko egunean kuadrilla bazkariak eta afariak egiten zituenez, proba zapatu batean egitea aukera ona zela iruditu zitzaigun”. Aurreko urtean oso pozik geratu ziren antolatzaileak, eta aurtengoan ere bide beretik jarraituko dute.
Izen emateari dagokionez, Ondarroako kirol ekintzarik ezagunenetarikoan parte hartu nahi dutenek
abenduaren 26an eta 27an edukiko dute horretarako aukera Turismo Bulegoan, 12:00etatik 13:00etara; momentuan bertan jasoko dituzte dortsalak. Azpimarratu dutenez, izen ematea doakoa da, eta herritarrak ez eze,
herritarrak ez direnek ere parte hartu dezakete lasterketan. Haurrak eta gaztetxoak, berriz, ikastetxeetan aurrez izena ematen hasita daude.
Egia-Iriondo lasteketaren hasiera, Berriatuan. Argazkia: Mikel Aramaio
Nagusien lasterketa hasi aurretik,
gaztetxoentzat antolatutako lau lasterketa egingo dituzte, atletismoaren jaia bera ere girotzen joateko, eta errepideko edozein puntutan lasterketara sartzeak sortzen zuen segurtasun falta saihesteko. “Batzuk, edozein momentutan, lasterketan sartzen ziren, eta horrek segurtasun arazoak sortzeko arriskua zegoenez, gaztetxoentzat euren adinetara propio egokitzen diren lasterketak egitea erabaki dugu, segurtasuna kontrolatzeko asmoagaz”.
Aringa-aringa egiten lehenak 2011 urtean edo beranduago jaiotakoak izango dira. 11:15ean Zeledonio parean hasi eta 250 metroko ibilbidea osatu beharko dute gurasoen laguntzagaz. 2009an eta 2010an jaiotakoek, berriz, ibilbide bera egingo dute, 11:25ean hasita. 2007an eta 2008an jaiotakoentzat 500 metroko ibilbidea prestatu dute; Zaldupeko zubitik irtengo dute 11:40ean. Azkenik, 2003-2006 jaiotakoek kilometro bat egingo dute; 11:55ean KamiƱazpiko biribilgunetik irtenda.
Lasterketa nagusia 12:30ean hasiko da Berriatuko kordeleria parean, eta hara joan nahi dutenek doako autobus zerbitzua izango dute, Astillerutik, gaztetxoen lasterketak amaitu ostean; 12:15ak inguruan.
Unai Barrenetxea Ondarroako kirol zinegotzia Egia-Iriondo memorialeko kartela eusten, Alde Zaharrean
Nagusien lasterketari dagokionez,
ibilbidea ohikoa izango da, Jose Mari Aranbarri
Egia-k eta Martin Iriondok 1983 urtean eginiko apustua oinarri hartuta. 4,25 kilometroko lasterketa nahikoa gorabeheratsua baldin bada ere, ia edozeizenek egiteko modukoa denaren iritzia dute, tarteren bat oinez egin behar bada ere.
Azpimarratu dutenez, lehia alde batera utzita, lasterketan parte hartzea bera izango da garrantzitsuena, eta
lortutako marka edo sailkapena gutxienekoa; batzuk banaka, beste batzuk taldean, mozorrotuta… baina guztiek ondo pasatzea nahi dute. Korrikalariek jasoko duten saririk ederrena, Alde Zaharrean zain izango dituzten herritarren txaloak izango dira.
Amaitzeko,
sari banaketa egingo dute Alde Zaharreko oholtza gainean. Ume eta gazte guztientzat sariak egongo dira, eta kategoria nagusiko irabazle eta lehen hirurentzat txapela eta oroigarriak. Parte hartuko dutenen artean, gainera, hainbat produktu zozkatuko dituzte. Aurreratu dutenez, Egia eta Iriondo lasterketaren protagonista biak ere egongo dira oholtza gainean, sariak banatzen.