EAJk ekonomia sustatzeko proposamenak aurkeztu ditu
Herrigunetik doazen ibilgailuen zirkulazioa eta oinezkoen mugikortasuna hobetzeko zuzenketak ere egin dituzte jeltzaleek 2019ko udal aurrekonturakoBermeoko EAJk herriko ekonomia sustatzeko hainbat proposamen aurkeztu ditu 2019ko udal aurrekonturako. Ze...
Herrigunetik doazen ibilgailuen zirkulazioa eta oinezkoen mugikortasuna hobetzeko zuzenketak ere egin dituzte jeltzaleek 2019ko udal aurrekonturako
Bermeoko EAJk herriko ekonomia sustatzeko hainbat proposamen aurkeztu ditu 2019ko udal aurrekonturako. Zehazki, «ibilgailuen zirkulazioa eta oinezkoen mugikortasuna hobetzera, herriko ekonomia suspertzera eta kale eta gune desberdinen garbitasuna hobetzera» bideratutako proposamenak dira.Jeltzaleek jakitera eman dutenez, aurkeztu dituzten zuzenketak 400.000 eurotik gorako kopurura iristen dira. Zenbateko horren %48 herriko jarduera ekonomikoa suspertzera bideratutakoak dira.
Aurkeztutako proposamenen artean, Bermeo eta Gaztelugatxe arteko autobus zerbitzuan prestatutako hobekuntzak nabarmendu dituzte. «Gaztelugatxera etorriko diren bisitariak Bermeotik etortzea eta garraio publikoa erabiltzea lortu behar dugu. Halaber, ezinbestekoa da turista horiek herrira itzultzea, Bermeon kontsumitu dezaten eta herri honetan eskainiko zaien guztiaz goza dezaten».
Aritz Abaroa jeltzaleen bozeramaileak azaldu duenez, Gaztelugatxe bisitatzera datozen turistek bisitak modu jasangarrian egitea gura dute, ibilgailu pribatua ahalik-eta gutxien erabilita eta garraio zerbitzuaren kostua euren gain hartuta.
Mugikortasuna hobetuz
Mugikortasun arloan proposatu dituzten hobekuntzak ere azpimarratu dituzte EAJko ordezkariek. Azaldu dutenez, «Artike bidea, Ander deuna, Askatasun bidea, Tellaetxe eta Erreñe Zubi kaleak saihesbideagaz lotuko dituen errepidea epe laburrean eraikiko da», eta bertan hobekuntzak eginez ibilgailuentzat eta oinezkoentzako «puntu beltza» den bidegurutze horri «amaiera jarri» nahi diote.
Talde jeltzaleak gogoratu du aurreko ekitaldietan izenpetutako akordioei esker lortu diren proiektuak ere aurrekontuan jaso beharko direla. «Agintaldi honetan, hainbat negoziaziori esker, Bermeoren etorkizunerako estrategikoak diren hainbat proiektu onartzea eta gauzatzea lortu dugu».
Abaroak gehitu du EAJk agintaldi osoa daramala Bermeok aurrera egin dezan lan egiten.