Aitor Esteban Espainiako Kongresuko EAJren bozeramailean sare sozialetan baieztatu du albistea. Aranbarri
larri zauritu zen joan den asteko martitzenean [abenduak 11] Ondarroan zebrabidea gurutzatzen zegoela auto batek jo eta gero. Orduz geroztik Gurutzetako ospitalean egon da. 1940an jaiotakoa zen Aranbarri; 78 urtegaz hil da. Azken agurra emateko
hileta elizkizuna barikuan (abenduak 21) izango da, 17:00etan, Ondarroako Andra Mari parrokian.
Aranbarri Caja Laboraleko langilea izan zen urte askoan. Besteak beste, Markina-Xemein eta Ondarroako bulegoetan aritu zen lanean. Alderdikide eta abertzalea izan da beti, eta demokrazia garaiko
Ondarroako lehenengo alkatea izan zen; 1979tik 1988ra izan zen alkate. Gero, 2007ko maiatzaren 27ko udal hauteskundeetan EAE-ANV izan zen Ondarroan alderdirik bozkatuena, baina Espainiako auzitegiek baliogabetua zuten. Beste alderdien artetik inork ez zuen kargurik hartu –PPkoak salbu–, eta Bizkaiko Foru Aldundiak Kudeaketa Batzordea eratu zuen uztailean. Iñigo Urkulluk eskatuta, Aranbarri jarri zen Kudeaketa Batzordeko buru.
Aranbarri, Ondarroako Batzorde Kudeatzaileko buru izan zen garaian, Miren Josune Ariztondo alderdikideagaz batera, Ondarroako udalbatzar aretoan.
Garai gogorrak bizi izan zituen Ondarroako Kudeaketa Batzordeko buru izan zenean. Besteak beste, autoa erre zioten (2007ko urriaren 17an). Dena dela, urteak atzera Ondarroako alkate izan zenean ere autoa erre zioten. Garai hartako elkarrizketa ezberdinetan behin eta berriro galdetu zioten ea Ondarroatik kanpo bizitzea pentsatu zuen. Eta hark beti erantzun zuen ondarrutarra zela, harro zegoela eta Ondarroan biziko zela.
ERREAKZIOAK:
- Karmele Antxustegi (EAJren alkateordea 1983tik 1986ra): “Asko sentitu dut Felixen heriotza. Jendeak iritzi desberdinak izango ditu, baina niretzako beti herrira begira lanean aritu izan den pertsona izan da. Demokraziako lehen urteak garai txarrak izan baziren ere, herri mailan lan handia egin zuen; eta hori kontuan hartzekoa dela deritzot. Ez zen sekula izan bere burua bistaratzekoa. Alor pertsonalean gizon ona izan zen, sekula eztabaida baten sartzen ez zena, nahiz eta ados ez egon”.
- Maria Dolores Etxano (EAJren alkategaia eta senataria): “Felix erreferente bat izan da alderkideontzat; demokrazia garaiko Ondarroako lehenengo alkatea izan zen. Ondarroa zegoen egoeratik demokraziara eraman zuen. Galera handia izango da pertsona moduan eta alderdiarentzat; oso abertzalea, alderdiko pertsona eta jelkidea zen, eta niretzako lagun bat bai. Behar izan dugunean hurre egon da beti. Gizon ona eta apala zen. Doluminak eman nahiko nizkioke bere familiari eta hurrekoei”.
- Aitor Maruri Txurruka (Ondarroako alkate ohia): “Nire aitabitxi politikoa izan zen; berak proposatu ninduen alkate izateko. Alkate nintzela ere, hainbat gauza konpartitzeko tartea izan genuen. Laguna ere banuen, eta niretzako, pertsonalki, galera handi-handi bat da. Urte askoan ezagutu genuen elkar, eta azken urteotan hartu-eman gutxiago eduki dugu. Zoritxarrez horrelako gertakari bat izaten denean konturatzen zara banuela berari askoz gehiago eskaintzerik. Urte gogorrak tokatu zitzaizkion, lehen zortzi urtean, eta, zelan ez, gero ere gestorako buru egon zenean; aitortza hori egiteke nuen, eta berak egindako lan ona ere aitortu nahiko nuke”.
- Joseba Agirretxea (EAJren diputatua): “Ondarroako lehen alkate demokratikoa izateko ohorea izan zuen. Oso momentu zailetan tokatu zitzaion kargua hartzea, eta, nire ustez, eredu bai izan zen alderdikideontzako. Gerokoan, alderdiko burua ere izan zen Ondarroan; isileko lan handia egin zuen. Alderdikide zintzoa eta leiala izan da, eta beti alderdiarekiko dena eman du. Gestora zuzentzea ere tokatu zitzaion, nahiz eta berak borondatez eskatu ez, baina alderdiagatik sakrifizio hori egin zuen, eta lan hori eskertu beharrekoa dela deritzot”
- Francisco Javier Arrieta (EAJko zinegotzi ohia): “Alderdiko gizon bat izan da, alderdiaren alde dena eman duen horietako bat; oso pertsona inplikatua izan da. Felixek Ondarroako herria demokrazian martxan jartzea lortu zuen, eta lan hori baloratu beharra dago. Egia esan, trantsiziotik demokraziarako salto horretan une gogor asko bizi behar izan zituen, herrian egon ziren heriotzak, esaterako. Elizgizona ere bazen, eta beti egon da buru-belarri laguntzeko hainbat gorabeheretan. Oro har, oso pertsona apala zen, eta ez zuen protagonismorik bilatu sekula”
HONEKIN LOTUTA: Ondarroako Udalaren mezua