Final oso estuak aurreikusten dituzte Mutrikuko pala txapelketako antolatzaileek
Mutrikuko Danok Bat Pelotazale Elkarteak antolatuta, barikuan [abenduak 21] jokatuko dituzte Mutrikuko paleta gomako txapelketako finalak. Antolatzaileek bi mailetako finalak oso estuak izango direla aurreikusten dute. “Maila handiko bikoteek elkarren aurka neurtuko dituzte indarrak. Txapelketa osoan oso emaitza onak eduki dituzte, eta finalak ere emozioz beteta etorriko direla uste dugu”.
Miruaitz frontoian jokatuko dituzte finalak 19:00etan hasita, eta antolatzaileek gogorarazi dutenez, sarrera doakoa izango da. “Ikustea mereziko duten finalak izango dira, maila ere handia dago eta. Denok etortzera gonbidatuta zaudete”.
Jokatzen lehenak 2. mailako finalistak izango dira. Soraluzeko Santamariaren eta Herizen aurka neurtuko dituzte indarrak Elgoibarko Gurrutxagak eta Arrietak. 1. mailan, berriz, Tolosako Hodei eta Karim nor baino nor indartsuago ariko dira Elgoibarko Kepa eta Gorkaren aurka. Final biak 25 tantora jokatuko dira.