Hondakin bereziak batzeko puntu mugikorra jarriko dute martxan
Herriz herri batuko dituzte hondakin bereziak. Ispasterren eta Lekeition bi hilabetetik behin batuko dituzte. Etxean sortutako hondakin guztiak kudeatzeko gai da Amankomunazgoa horrelaLea-Artibai eskualdean sortzen diren hondakin bereziak herriz herri ...
Herriz herri batuko dituzte hondakin bereziak. Ispasterren eta Lekeition bi hilabetetik behin batuko dituzte. Etxean sortutako hondakin guztiak kudeatzeko gai da Amankomunazgoa horrela
Lea-Artibai eskualdean sortzen diren hondakin bereziak herriz herri batzeko puntu mugikorra jarriko dute martxan urtarrilean.Lea-Artibaiko Amankomunazgoak abiaraziko du proiektua, eta etxeetan sortzen diren eta ohiko edukiontzietara bota ezin daitezkeen hondakinak batuko dituzte. Berriatuan Herriko plazan, Etxebarrian Olaia jatetxeko aurrean, Ispasterren Elejalden, Lekeition Independentzia enparantzan, Markina-Xemeinen Goiko portalean, Ondarroan Alamedan eta Ziortza-Bolibarren Simon Bolibar plazan batuko dituzte.
Zapatu bakoitzean eskualdeko bi herritan egongo da hondakinak biltzeko kamioia, herri bakoitzean bi orduz hilabetean behin; Lekeition eta Ispasterren, lau orduz bi hilabetetik behin. Amankomunazgoko lehendakari Rakel Eluren esanetan, «aurrerapauso ikaragarria da hondakinen sailkapenerako puntu mugikorra ipintzea». Urrats horregaz Lea-Artibaiko Amankomunazgoa etxeetan sortzen diren hondakin guztiak kudeatzeko gai dela esan du.
Ispasterren urtarrileko, martxoko, maiatzeko, uztaileko, iraileko eta azaroko lehen zapatuetan egongo da, eta Lekeition, otsaileko, apirileko, ekaineko, abuztuko, urriko eta abenduko lehen zapatuetan. Etxebarrian hilabetero egongo dira, bigarren zapatuetan; Ondarroan eta Berriatuan ere hilabetero, baina hirugarren zapatuan; eta Ziortza-Bolibarren, hilabetero, azken zapatuan. Markina-Xemeinen, hilabetero egongo dira, bigarren eta azken zapatuetan.
Puntu mugikorretan, besteak beste, aerosolak, substantzia arriskutsudun ontziak, margo eta disolbatzaile ontziak, autoen iragazkiak, pilak, bateriak, fluoreszenteak, tonerrak, botikak eta erradiografiak, CDak eta idazteko materialak, motorren olioa eta gas bonbonak. Gehitu dute herriz herri urte osoan egingo dituzten bilketen egutegiak etxeetako atarietan zabaldu dituztela, herritarrek hondakinak noiz eta non utzi ditzaketeen zehaztuta. Herritarrek eskualdeko edozein herritan bota ditzakete euren hondakinak.
Organikoen txartela
2019tik aurrera, organikoaren edukiontzia zabaltzeko erabiltzen den txartela galduz gero, bigarren bat ateratzeko aukera edukiko dute herritarrek. Bakoitzak bere udaletxean eskuratu dezake 2 eurotan, udalak ezarritako prozeduraren arabera.