Axular Arizmendik ekoitzitako 'Biga' lana salgai, Mutrikuko santomasetan
Axular Arizmendi musikari eta ekoizle mutrikuarrak koordinatuta, Getaria, Orio, Pasaia eta Hondarribiako euskal kantu herrikoiak jaso dituzte Biga, itsasertzeko euskal doinuak bilduman. Arizmendik agertu duenez, edizioa mugatu da, eta diskoaren 100 kopia salgai ipiniko dituzte zapatu [abenduak 22] goizean, 10 euroren truke.
Baga diskoan egin modura, Biga bigarren bilduman ere lau herri arrantzaleetako ahotsek parte hartu dute, Getaria, Orio, Pasaia eta Hondarribiako abesbatzetako 500 bat ahotsek, hain zuzen. Diskoa Mutrikuko Goiko Plazan santomaseko azokan ipiniko duten erakusmahaian eskuragarri egongo dela adierazi du Arizmendik.
Lau herri horietako kutsu marinela duten hamabi kantu herrikoi ezagun eta esanguratsuenak jaso dituzte CD bikoitz batean; zehatz esanda, herri bakoitzak hiru kantu grabatu ditu. “Balearen bertsoak, Agur Hondarribi, Azken portua, Elkano, Arraunlariak… hori eta gehiago aurkituko dituzte musika gustuko dutenek”. Diskoarekin batera, gainera, ikus-entzunezkoa ere jaso dute.