Ekaitz Mendizabal
Goixerri puntista mutrikuarrari agur ekitaldia egingo diote
domekan [abenduak 23]. Danok Bateko Pelotazale Elkarteko puntista gazteak profesionaletan debutatuko du urte hastearekin batera, eta Daniara joan aurretik agur ekitaldi xumea bezain beroa eskaini nahi diote elkartekoek eta bere ingurukoek.
Ekitaldia
18:00etan hasiko da Miruaitz frontoian, eta herritar guztiak kantxa betetzeko gonbidatu dituzte. Bertaratuek goi mailako partidu batekin gozatzeko aukera izango dute lehendabizi. Jon Goenagaren eta Aitor Andonegiren aurka neurtuko dituzte indarrak Goixerrik eta Mikel Manzisidorrek. Partidua hamabost tantoko bi set-era izango da, eta berdinketa egonez gero, hirugarren set bat jokatuko dute, bost tantora. Omenduari, gainera, zestez osaturiko ohorezko arkua egingo diote sarreran.
Omenaldian lagunak, kuadrillakoak, senideak eta orain arte taldekideak izan dituenak egongo dira, eta behin partidua amaituta, oparien eta bestelako agur ekintzen txanda izango dela aurreratu dute antolatzaileek.
Proiekzio berezia ere prestatu dute ekitaldirako; bere biziaren errepasoa egingo dute argazkitan.
[HONEKIN LOTUTA] Ekaitz Mendizabali egindako elkarrizketa