Lea-Artibai Amankomunazgoak akordioa lortu du etxez etxeko laguntza zerbitzua eskaintzen duten langileekin
Etxez etxeko laguntza zerbitzuetako langileekin adostasunera heldu da Lea-Artibai Amakomunazgoa. Adierazi dutenez, azken urteoetan lortu den lehenengo akordioa da martitzenean [abenduak 18] sinatutakoa; bide beretik jarraituko dutela azpimarratu dute bi aldeek.
Rakel Elu Amankomunazgoko lehendakariaren iritziz, akordio batera iristea pozgarria da. “Lehen aldia da mota honetako akordio batera heltzen garela etxez etxeko laguntza zerbitzuko langileek. Pozgarria da ikustea nola heldu gaitezkeen akordioetara langileen eskubideak hobetuz, eta aldi berean, zerbitzuaren kalitatea mantenduz”.
Hain zuzen ere, Eluri egindako eskariak eta ordezkaritza sindikalak negoziazio mahaian aurkeztutako eskariak aintzat hartuta ailegatu dira adostasunarena, eta modu horretara, 2019-2020rako Plangintza Proposamena aurkeztu du Amankomunazgoko lehendakaritzak. “Lehendakaritza honen proposamena da urtean formaziorako 9 ordu kontuan hartzea”.
Akordioan jasotakoaren arabera, bitarteko izaera kontratua edo 6 urte baino gehiagoz zerbitzu kontratua duten langile guztien lan saioak %75ean jartzea erabaki dute sindikatuek hala eskatuta, eta lanak eskatzen duen esfortzua kontuan hartuta. Besteak beste, langile guztiei lan saio berdina bermatzeko, ordezkapen kontratuak lanean dauden langileen artean banatuko dira, eta horiek ezin dutena egin ordezpeneko bitarteko izaera kontratuaz kontratatuko langile berriek egingo dute.
Beste baldintza batzuen artean, langileren batek aurretiko erretiroa, erretiroa, ezintasuna edo beste lanuzte egoera bat duenean, horien hutsunea betetzen ari izan den langileekin beteko da, edo bestela, lan poltsatik tokatzen zaion lehenengo hautagaiari eskainiko zio, %75eko lansaioa bermatuz. “Lan postu horiek lan eskaintza publikoan sartuko dira, eta hautatze prozesua egiten den momentuan, hutsune hori betetzen dagoen langilearen kontratua etengo da”.