Azken agurra eman diote Ondarroan Felix Aranbarriri
Senideek, lagunek, herritarrek eta politikagintzako ordezkaritza zabal batek, agur hunkitua egin diote gaur [abenduak 21] Felix Aranbarri Ondarroako alkate ohiari. Aranbarri eguaztenean [abenduak 19] hil zen, 78 urte zituela.
Oso sentitua izan da Ondarroako Andra Mari elizan eman dioten azken agurra. EAJko hainbat alderdekide ere bertaratu dira, eta doluminak eman dizkiete Aranbarriren alargun eta hurrekoei. Elizkizuna hasi aurreko minutuetan Aranbarriren alargunaren ondoan egon da Iñigo Urkullu lehendakaria. Familiarekin izan dira baita ere Jose Antonio Ardanza lehendakari ohia, Itsaso Atutxa EAJren Bizkai Buru Batzarreko presidentea eta Andoni Ortuzar EAJren EBBko presidentea.
Hainbat jeltzale historiko ere etorri dira Aranbarriri azken agurra ematera. Baita, Jaurlaritzako, Bizkaiko Foru Aldundiko eta EAJko hainbat kargudun. Horien artean izan dira, besteak beste, Aitor Esteban EAJren taldeburua Madrilen, Joseba Agirretxea EAJren diputatua, Maria Dolores Etxano EAJren senataria, Jose Mari Cazalis EAJren senataria, Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusia, Iñaki Anasagasti EAJren senatari ohia, Andoni Ortuzar Euzkadi Buru Batzarreko presidentea, Ricardo Gatzagaetxebarria sailburuordea eta Josune Ariztondo kultura diputatu ohia.
Eskualdeko hainbat alkate ere egon dira, baita alkate izandako beste hainbat ere. Ondarroako udal ordezkariak ere bertaratu dira, eta euren artean egon dira Zunbeltz Bedialauneta alkatea, Eneritz Basurko alkateordea, Bisit Beiro eta Idurre Ibazeta zinegotziak, Loren Arkotxa Udalbiltzako lehendakari ohia eta Ondarroako alkate ohia eta Unai Urruzuno EH Bilduko legebiltzarkidea. Zunbeltz Bedialauneta alkateak ezin izan du bertan egon agenda arazoengatik, baina goizean Lea-Artibaiko beilatokira hurreratu da Aranbarriren senitartekoei doluminak ematera, besteak beste, Josu Arrizabalaga alkate ohiak lagunduta.
Elizkizunari dagokionez, Jose Agustin Maiz Alkorta lurraldeko bikario ondarrutarrak eman du. Harekin batera egon dira Jose Luis Iza Lea-Artibaiko parrokoa eta Jose Mari Rementeria eta Martin Aranbarri herriko abadeak ere.
Elizkizunaren amaieran, elizako arkupean Maitia nun zira txistuagaz jo diote hilkutxa Aranbarriren bi semeek eta senitartekoek sorbalda gainean eusten zuten bitartean. Ondoren, txaloek apurtu dute Pedro Mari Unanue plazako isiltasuna.