Emeki koralak 10. urteurreneko kontzertu berezia eskainiko du etzi
Emanaldia Markina-Xemeingo Karmengo elizan izango da, 19:00etan. Antxon Sarasua ariko da pianoan, eta beste bi gonbidatu ere egongo direla esan duteMarkina-Xemeingo Emeki koralak musikazale eta herritar guztiekin batera ospatuko du domekan abesbatzaren...
Emanaldia Markina-Xemeingo Karmengo elizan izango da, 19:00etan. Antxon Sarasua ariko da pianoan, eta beste bi gonbidatu ere egongo direla esan dute
Markina-Xemeingo Emeki koralak musikazale eta herritar guztiekin batera ospatuko du domekan abesbatzaren 10. urteurrena. Emanaldi berezia 19:00etan hasiko da, Karmengo elizan. Esan dutenez, denbora luzea daramate emanaldia prestatzen, entzuleei errepertorio berri bezain apartekoa oparitzeko asmoz. Emekigaz batera kontzertuan parte hartuko dute Antxon Sarasuak, Ianire Krutxagak eta Xabat Ituartek.Urte osoan izan ditu Markina-Xemeingo koralak 10. urteurrenari lotutako ekintzak. Udan, esaterako, Kepa Junkera eta sorginekin jai desberdin bat eskaini zuten Uni frontoian. Orduan ez bezala, oraingo honetan Emekikoak izango dira protagonistak.
Yolanda Loira Emeki Koraleko zuzendariak aurreratu duenez, kontzertu anitza izango da. Kanta berriak abestuko dituzte, Gabon kantak gehienak: «Euskal kantak, Andaluziakoak eta latino-amerikarrak ere sartu ditugu errepertorioan. Bai eta Ameriketako Estatu Batuetako abesti batzuk ere».
Hamar urte hauetan Emeki Koralaren emanaldi askotan parte hartu duen Antxon Sarasua musikariak lagunduko die pianoan. Eta gero, beste gonbidatu bi egongo direla aitatu du Loirak. «Bategaz aritu izan gara elkarlanean, baina besteagaz aurten izango da lehenengo aldia». Bigarren musikari horrek joko duen instrumentuak entzulegoan harridura eragingo duela esan du. «Guk ez dugu sekula instrumentu hori erabili, eta ez dakit Markina-Xemeinen inork horregaz emanaldiren baten parte hartu duen. Saioari ukitu originala emango dio».
Urte osoko prestaketa
Espero dute jendea kontzertura joan eta oso gustura egotea. Horretarako lanean ibili dira burubelarri urte guztian. «Kontzertu oso bat da, kanta asko dira. 10. urteurrenean errepertorio berria egitea nahi genuen eta urte osoan kanta hauek ateratzen ibili gara. Pentsatzen dut emaitza oso polita izango dela».
Ordubeteko emanaldia izango da, eta ilusio handiagaz dago talde osoa. «Arin-arin igaro zaizkigu hamar urte hauek. Baina hastapenetan genuen ilusio bera daukagu».