Lekeitio BHIko ikasleek enpresa simulatuen iragarki onenaren saria irabazi dute
Lekeitio BHIko Administrazio Kudeaketa zikloko 2. mailako ikasleek iragarki onenaren saria irabazi dute BECen ospatu den Euskal Herriko Enpresa Simulatuen IX. Meeting Pointen. Ikasleek negozio eta salmenta gaitasunak praktikan jarri ahal izan zituzten ...
Bosgarren urtez parte hartu dute Lekeitio BHIko ikasleek Geslan enpresak BECen antolatutako enpresa simulatuen topaketan. Azaldu dutenez, ikastetxe bakoitzak sortutako enpresa simulatuen bidez enpresen egunerokoa ikasteko aukera dute ikasleek; enpresa simulatu bateko langile bihurtu eta sail ezberdinak ezagutzen dituzte: harrera, giza baliabideak, kontabilitatea, erosketa, salmentak edota marketina, besteak beste. «Ikasleak beste ikastetxeekin hartu emanetan egoten dira enpresen arteko hitzarmen edo negozioak eginez», jakinarazi dute.
2012an sortu zuten edari enpresa LekeitioBHIko ikasleek, Atean SLS Enpresa ezagutzera emateko iragarkia egin diote, eta iragarki horrek beste ikastetxe guztien arteko balorazio onena lortu du. «Ikastetxe bakoitzak beste guztien lanak baloratzen ditu, eta gureak harrera ona eduki du».
Urtean behin, BECen biltzen dira enpresak, eta postu bat jartzen dute bertan euren negozioa ezagutzera eman eta beste enpresa simulatuekin zuzeneko hartu-emanetan jarduteko. Guztira, 26 postu egon dira aurten, eta beste 12 enpresa bisitari. Aurten, gainera, Euskal Herritik kanpokoak ere etorri dira topaketara, Zamora (Espainia) eta Bartzelonatik (Herrialde Katalanak) hain zuzen. Bertan egindako ekitaldian eman diete saria Lekeitioko ikastetxeko ikasleei.
Ikasleek egindako lan handia azpimarratu dute irakasleek, «egin duten ahaleginaren saria izan da». Talde berberak Startinnova lehiaketa irabazi zuen iaz.