Nagore Elu ikerlari ondarrutarra saritu dute Baionako IkerGazte Kongresuan
Asteon Baionan egin den IkerGazte 2019 kongresuan Nagore Elu ikerlari zientifiko ondarrutarra saritu dute. Osasun zientziak arloan saritu dute Elu, USP9X: Angelman sindromearen tratamendurako itu berria ote? lanari esker.
Elu, hain zuzen, Angelman sindromea zerk eragiten duen ikertzen ari da Euskal Herriko Unibertsitateko Zientzia eta Teknologia Fakultatean, eta aurkeztu duen lana ere gaiari buruzkoa izan dela nabarmendu du. “Laborategian ikertzen ari garen gaixotasuna hobeto ulertzeko balio duen ikerketa da aurkeztutakoa”.
Saria irabaztea oso pozgarria dela dio: “Laborategian isilpean atzetik egiten ari garenari aitortza bat da. Saritutako artikulu hori, gainera, euskal aldizkari zientifiko batean argitaratuko dute, eta horrek ere ikusgarritasuna ematen dio gure taldeari, eta zelan ez, guk egin dugun ikerketari”.
Zailtasunik handiena egiten ari diren ikerketaren berri ahalik -eta era errazenean ematea ere erronka handia izan dela dio. “Laborategian egiten duguna jendearengana ailegatzeko beste era bat da idatzitako artikulua, baina hori era erraz eta argi batean azaltzea askotan ez da erraza izaten. Epaimahaiak aurkeztutako lana gustuko izan duela jakitea ere pozgarria da”.