Arantza Zulueta eta Jon Enparantza otsailaren 11n geratuko dira aske
Martxoaren 1erako zuten ezarria irteteko eguna biek, baina hogei egun murriztu dizkie Espainiako Espetxeetako Erakundeak, atxiloaldian pasatutako egunengatik
Arantza Zulueta eta Jon Enparantza euskal preso eta abokatuak otsailaren 11n geratuko dira aske, 11/13 auziko kartzela zigorra beteta. Martxoaren 1erako zuten ezarria irteteko eguna biek, baina hogei egun murriztu dizkie Espainiako Espetxeetako Erakundeak, atxiloaldian pasatutako egunengatik, bere garaian pasaportea kendu zietelako eta behin-behinean libre egondakoan sinatzera joandako egunengatik.
Iazko irailaren 16an hasi eta bukatu zen 11/13 auziko epaiketa, 47 lagunen aurkakoa, Madrilen, eta, aldeen arteko akordio bat dela bide, Espainiako Auzitegi Nazionalak Zuluetari eta Enparantzari soilik ezarri zien bi urtetik gorako espetxea: Zuluetari hiru urte, sei hilabete eta hamazazpi egunekoa; Enparantzari, bi urte, zazpi hilabete eta hiru egunekoa. Biak lehendik egonak ziren preso, behin-behinean, eta zigorra osatzeko sartu ziren espetxera. Irailaren 30ean sartu ziren, Zaballakoan (Araba).
Handik aste batzuetara, ordea, Madrilek urrundu egin zituen: urriaren amaieran, Enparantza Estremerako kartzelara (Madril) eta, azaroaren bigarren astean, Zulueta Picassentekora (Valentzia, Herrialde Katalanak). Enparantzaren kasuan, haren familiak «bahiketa» salatu zuen, lau bat egunez egon zirelako euskal presoaren berririk izan gabe. Espetxeetako Erakundeetako iturri batek zioen Enparantzaren lekualdatzea «arrunta» izan zela, ez «zuzena» —egun batekoa—, eta, ondorioz, bost egunekoa izan zitekeela. Halakoetan, «segurtasun arrazoiengatik», ez dute jakinarazten presoa unean-unean non daukaten, ezta nora daramaten ere. Bidaian Guardia Zibilaren eskuetan izaten da presoa. Zuluetaren kasuan, abokatuak eskatu zuen ez lekualdatzeko, baina Madrilek ez zuen jaramonik egin.
Albistea osorik irakurri, Berrian.