Aurreneko lanaren kopia guztiak saldu ditu Saia Goait talde mutrikuarrak
Laukoteak taldearen izen bera daraman autoekoitzitako lana kaleratu du. Sei kantuz osatutako 'opera prima' iaz egindako debut disko onenen artean dago.

Taldearen izen bera daraman sei kantuz osaturiko aurreneko lana kaleratu zuten uda amaieran Saia Goait taldeko Beñat Perales, Aitzol Urkiza, Jon Antxustegi eta Denis Alberdik. Gustura geratu dira emaitzarekin eta jasotako erantzunarekin ere. Ukitu pertsonala duten stoner rock influentziako kantu melodikoek, gainera, bat baino gehiago harrituta utzi dute. Izan ere, Saia Goait diskoak harrera eta kritika oso onak jaso ditu. Zaratamondosonoro aldizkariaren arabera, esate baterako, Euskal Herrian 2019an eginiko hamar debut disko onenen artean dago. Proposamenen artean, zehatz esanda, seigarren postuan aukeratu dituzte.
Lana CD formatuan kaleratu dute, eta arrakasta handia eduki du zaleen artean. Kaleratutako disko guztiak saldu dituzte, eta iragarri dutenez, momentuz ez dute berrediziorik egingo. “Horren ordez, datozen egunetan disko osoa eta hitzak gure bandcamp orrialdean jarriko ditugu doan deskargatzeko”.
Zaleek, baina, euskarri digitalean ere lortu dezakete taldearen opera prima. Egun, disko formatuan ezeze, plataforma digitaletan ere entzuten eta kontsumitzen da musika, eta horren jakitun, plataforma digitaletara ere egin dute jauzi mutrikuarrek. Besteak beste, Spotify, Amazon Music, Itunes… plataforma digital ezagunenetan ere badaude. “Bertan gure musika erosi edo doako eran entzun daiteke”.
“Zuzeneko taldea gara, eta diska ondu aurretik, zuzenekoetan probatu nahi genuen geure burua”
Taldea 2017an sortu zuten Antxustegik eta Peralesek. Rock gogorra egiteko proiektu baten parte hartzeko gonbitea egin zioten ondoren Urkizari. “Antxustegi eta Perales aurretik metal munduan ibili ziren, eta hortik urrunduta, zer edo zer berezia egin nahi zuten rock gogorrean”. Hirukotea kantuen hasierako ideiak etxean garatzen hasi zen, baina bateria jotzailea behar zutela konturatu ziren. Hala, Denis Alberdi gehitu zen proiektura. “Aurretik ezagutzen genuen, eta baiezkoa eman zigunean denok batera entsegatzen hasi ginen”.
Ordutik, musika sortzen ari dira etengabe. Kantu batzuk sortu, eta 2018ko udan igo ziren oholtzara lehen aldiz. Zuzenekoetan asko gozatzen duen taldea da. “Zuzeneko taldea gara, eta diska ondu aurretik, zuzenekoetan probatu nahi genuen geure burua, jendeak zer erantzun zuen ikusteko”. Eskualdean eta inguruko herrietan ezeze, Euskal Herriko toki askotan jotzeko aukera eduki dute: Gasteiz, Donostia, Iruñea…

Saia Goait taldeak Samikollako jaietan eskainitako kontzertua. Argazkia: Aritz Larrea/Begipuntuan.
Eta urtebetez oholtzarik oholtza ibili ondoren, 2019ko udan atsedenaldia hartu, eta euren kanturik onenak iraupen laburreko disko batean batzea erabaki zuten, egindako lana ezagutzera eman eta jasota uzteko.
Herrian bertan, lagunartean ekoitzitako eta sortuko lana dela nabarmendu du laukoteak. Grabazio prozesua, esaterako, Mutrikun AME estudioan egin dute, Axular Arizmendiren gidaritzapean. Danel Eizagirre ondarrutarrak, bestalde, diskoko ilustrazioak eta diseinua egin ditu, eta Aritz Larrea Begipuntuan mutrikuarra argazkiak atera eta liburuxkaren diseinuaz arduratu da.
Sormen handiko taldea da Saia Goait, eta kantu asko idatzita bazituzten ere, horien artean aukeraketa egin, eta Nekhbet, Saia Goait, Sushi, Ekhidistantzia, Abiadan eta Mina kantuak grabatzea erabaki zuten lehen estudioko lanean. “Disko motza eta zuzena nahi genuen, eta hori da gure lanaren emaitza. Lana erraz entzutekoa eta jendeak entzuten duenean azkar identifikatzekoa nahi genuen izatea. Intro bat eta bost kantu dira azkenean. Bost minutu inguruko kantu biziak dira; oso zuzenak. Diskoa entzuten duenak sei abesti zuzen eta alai entzungo ditu, ahots melodikoekin lagunduta. Rock gogorra da, astuna; ez da rock arin bat, baina, aldi berean, oso melodikoa da, lelo gogoerrazekin”.
Autoekoitzitako lana bada ere, herritar askoren aletxoari esker kaleratu ahal izan dute diskoa
Ekhidistantzia izan ezik, beste kantu guztiak taldearenak dira. Kanten musika oinarriak Aitzol Urkizak garatu ditu, eta abestien hitzak Urkizak eta Antxustegik. Ekhidistantzia kantuaren hitzak, berriz, Iñigo Arrizabalaga Rocko bertsolari mutrikuarrak idatzi ditu. Bestelako kolaborazio berezia ere eduki dute. “Iker Laurobak beheko gitarra berezi bat sartu du Saia Goait kantuan. Kantuaren zati batek estilo etnikoa dauka, eta sitarra jotzeaz arduratu da”.
Autoekoitzitako lana bada ere, taldekideek nabarmendu dutenez, herritar askoren aletxoari esker kaleratu ahal izan dute diskoa. Beraien esanetan, herritarrak asko inplikatu dira proiektuan. “Laguntza handia eduki dugu, eta eskerrak eman nahi dizkiegu horiei guztiei”. Iazko martxoan, esaterako, Mutrikuko Gaztetxean kontzertu berezia antolatu zuten, eta neurri handi batean, han lortutako diruari esker eta ondoren egin duten material salmentari esker grabatu ahal izan dute diskoa.
Luzaroan geldirik egoteko asmorik ez zutenez, uda amaieran bueltatu ziren taulagainera. Oholtza gainean sentitzen dira gusturen, eta publikoaren aurrean dena emateko prest daude. Diskoa grabatu osteko lehen zuzeneko indartsua, hain zuzen, Mutrikun eman zuten Galbaixoko jaietan, herritarrei esker ona adierazi asmoz. Ordutik, Soziedad Alkoholika moduko taldeekin elkarbanatu dute taulagainea, eta Durangoko Azokan ere aurkeztu zuten lana, Ahotsenea gunean.