42.063 eta 21.205 dira 'Mutrikun Erosi eta On Egin' kanpainako zenbaki saridunak
Atzo arratsaldean (urtarrilak 10) egin zen zozketa jendaurrean, Zabiel kultur etxeko hitzaldi aretoan, herriko kirol taldeetako kideen laguntzarekin eta Arantza Ugarteren gidaritzapean. Lehen datuak eskuetan, balorazioa positiboa egin du udalak.
Zabiel kultur etxean batu ziren atzo (urtarrilak 10, barikua) azken bi hilabeteetan herriko saltokietan egin den Mutrikun Erosi eta On Egin! kanpainako zenbaki sarituak ateratzeko. Lau zenbaki atera behar ziren, eta horretarako, herriko kirol elkarteen laguntza izan zuten. Danok Bat pilota elkarteko Eneritz Lizardik, Mutrikuko Futbol taldeko Andrea Barrientos eta Haizea Osak, Mutrikuko Arraun Taldeko Naroa Zubiaurrek eta Mutrikuko Rugbi taldeko Alluitz Basurko eta Unai Fernandez gazteek atera zituzten. Orbea Keram bizikletaren zenbaki saritua 42.063 (ordezkoa 66.197) eta Orbea Katu bizikletarena 21.205 (ordezkoa 52.576) dira.
Saritutako txartelak Mutrikuko Turismo Bulegoan aurkeztu behar dira, eta aurkezteko epea 15 egun naturalekoa izango da, urtarrilaren 25era artekoa, hain justu. Epe horretan zenbaki sariduna agertu ezean, ordezko zenbakia izango litzateke irabazlea, eta beste 15 egun natural izango lituzke saritutako txartela aurkezteko. Bestalde, bi bizikleten zenbaki sarituak pertsona berberak izango balitu, pertsona hori balio ekonomiko handieneko bizikletarekin sarituko lukete (Orbea Keram), eta bigarren saria bigarren bizikletaren ordezko zenbakiak jasoko luke.
Zozketaren aurkezpena Arantza Ugarte herritarrak egin zuen ohi bezala, bikain egin ere. Aitor Itza Garapen Saileko zinegotziak kanpainaren eta ekimenaren inguruko balorazioa egin zuen, eta Joseba Palenzuela Mutrikuko alkateak udalak alor ezberdinetan indarrak non jarri nahi diren adierazi zuen, batez ere gazteei zuzenduaz hizketaldia. “Oraindik goiz da balorazio sakon bat egiteko, izan ere, Mutrikuko Udalak parte hartu duten establezimenduekin bildu nahi du, euren iritzi eta ekarpenak jaso ahal izateko.
Udalaren eskertzarik handiena herrian erosi duten mutrikuar guztientzako da, euren erosketekin “herria bultzatzen” dutelako.
Hala ere, lehen datuak eskuetan izanik, baikor ikusten dugu aurtengo kanpainak izan duen ibilbidea”. Ondorengoak azpimarratu zituzten: 52 establezimenduk parte hartu dute, inprimatu ziren boletoen ia %80a banatu da; kanpainak herritarrengan izandako oihartzuna handia izan da, eta antolaketarako udalaren eta establezimenduen arteko elkarlana eta koordinaketa, ona. “Aurtengo kanpainako sariak, handiak izanik, jendearentzako erakargarriagoak izan direlakoan gaude”.
Esker oneko hitzak. Mutrikuko Udalak bereziki eskertu nahi du urte guztian Bertan merkatari elkarteak herriko merkataritza eta ekonomia suspertzeko egiten duen lana. Horrez gain, kanpainan parte hartu duten establezimendu guztiei beraien inplikazioa eskertu nahi die. Baita Inhar Mutiozabal argazkilariari ere, antolaketan eskainitako laguntzagatik. Arantza Ugarteri eta herriko Danok Bat pelota elkartea, Mutrikuko Futbol taldea, Jauja Eskubaloi taldea, Mutrikuko Arraun Taldea eta Mutrikuko Rugbi taldeari eta euren izenean etorri diren ordezkari guztiei ere zozketa egunerako emandako laguntza eskertu nahi die. Bizikletak erosi eta aukeratzeko garaian, Debako Ciclos Turbina eta Orbea etxearen laguntza aipatu dituzte. Hala ere, Udalaren eskertzarik handiena herrian erosi duten mutrikuar guztientzako da, euren erosketekin “herria bultzatzen” dutelako. “Gogoratu nahi diegu guztiei, kanpaina amaitu arren, herrian erosten jarraitzean denok irabazten dugula, eta Mutrikuri eta gu guztioi on egiten diogula”.
Saritutako zenbakiak Mutrikuko Udalaren webgunean egongo dira ikusgai, eta baita Mutrikuko Turismo Bulegoan ere. Zozketa nola egin den ikusi nahi duenak Mutriku Turismoa Facebook orriaren bidez eman den zuzenekoa ikus dezake.