Euskaltzaleen Topagunea: "Euskaraldiko rolen aukeraketa konpromiso mailaren araberakoa da, ez da gaitasun kontu bat"
Oscar Garcia de Bikuñak Euskaraldiaren aurkezpena egin du Markina-Xemeingo Uhagon kultugunean; herri batzordeen garrantzia azpimarratu du, ariketaren muina direla nabarmenduz. Batzordea eratuko dute, eta herritarrak parte hartzera deitu dituzte.
“Hasitako bideari jarraituko dio Euskaraldiak. Ariketa ez dugu aldatuko, pixka bat haratago joango gara“, adierazi du Euskaltzaleen Topaguneko Oscar Garcia de Bikuñak Markina-Xemeingo Uhagon kulturgunean egindako aurkezpen ekitaldian. Eta horretarako, lehen ekitaldian modura, ezinbestekoa izango da Herri Batzordeen lana. 2018ko ekitaldian, 400 herri baino gehiagotan sortu zen biztanle lantalde bat; euren herriarekiko eta euskararekiko konpromisoa agertu zuten, euren herrietan Euskaraldia jorratzeko. “Herri batzorde gabe ezingo litzateke Euskaraldia aurrera eraman. Halako ariketa masibo baten muina dira batzordeok”.
Oraingo honetan ere, konpromisoa izango da, duda barik, ariketa bideragarri egingo duena. Ohiko hizkuntza ohiturak hausten jarraitu nahi da oraingo honetan ere, lehen Euskaraldian egin zen modura, hizkuntza ohitura berriak gizarteratzea du helburu. Ahal den komunikazio guztietan euskara bermatzea. Lehen berba euskaraz egitea, besteak ze hizkuntzatan egiten duen jakiteko zain egon barik. Eta helburu hori lortze aldera, 2019an hasi zen martxan 2020ko azaroaren 20tik abenduaren 4ra bitartean egingo den ariketa soziala.
Ahobizi eta belarriprest rolak landuko dira berriro. Dena dela, lehen Euskaraldian rol horiek sarri gaizki ulertu zirela azaldu du Garcia de Bikuñak: “Sortu da nolabait lotura inkontziente bat, ahobizi euskaldun zaharrekin eta belarriprestak euskaldun berri edo euskara hartzaileekin lotzekoa. Rolen aukeraketa, eta horretan jarri behar dugu arreta osoa, konpromiso mailaren araberakoa da, ez da gaitasuna kontu bat. Belarriprest batek ez dauka zertan ahobizi batek baino euskara maila baxuagoa izan. Ni prest banago beti euskaraz egiteko ulertzen duten guztiekin, ahobizi izango naiz; baino nire aukera bada erabakitzea momentu oro ze hizkuntza erabiliko dudan, belarriprest izango naiz.
Herri Batzordeek erabakiko dute nork bere herrian ariketa zelan egin. Euskararen egoera herriz herri ezberdina izanik, ariketa soziala moldagarria izango
Bigarren Euskaraldian, ariguneak ere garrantzitsuak izango dira. Ariguneak ahobizi eta belarriprest rolak hartu eta beste era batera landuko diren guneak izango dira. “Euskaraz lasai aritzeko guneak izango dira, bertako kideek era kolekbibo batean –%80aren adostasunagaz– Euskaraldian parte hartzea erabaki duten espazioa”. Tabernak, enpresak, euskaltegietako ikasle taldeak… osatu ditzakete ariguneak; beti ere kide guztiek euskaraz ulertzen baldin badute. Entitateek Euskaraldia-ren webgunean izena eman dezakete.
Entitateak ere funtsezkoak izango dira Euskaraldia aurrera eraman eta emaitzak onak izatea nahi bada. Sustapen lana egin zuten lehen ariketa sozialean, eta bigarrenerako, konpromiso maila handiago izatea nahi dute ekimenaren bultzatzaileek: parte hartzaile aktibo izatea nahi dute. Herri Batzordeak izango dira herritarrekin ezeze, entitateekin ere lan egingo dutenak. Eta Euskaraldia Euskal Herri osora hedatuko denez, eta herriz herriko egoerak guztiz ezberdinak izanik, Herri Batzordeek erabakiko dute nork bere herrian ariketa zelan bideratu: “Badakigu ariketa moldagarri bat egin behar dugula, tokian tokikoa. Herri Batzordeak izango dira ariketa beraien herrietara moldatzen dutenak –komunikazio estrategia, lehentasunak ezartzeko irizpideak–, beraiek ezagutzen dutelako ondoen beraien herriko egoera”.
Batzorde berria. Aurkezpenean jakinarazi dutenez, Markina-Xemeinen batzordea sortuko dute. Nahi duten herritar guzitek parte hartu dezakete bertan, eta gonbidapena egin nahi izan diete, hortaz, interesatuta leudeken guztiei. Urtzi Uriarte Euskara teknikariagaz harremanetan jarri baino ez da egin behar batzordekide izateko.