Padurari irabazita, aurrerapauso garrantzitsua eman du Aurrerak
Ibon Lopezen taldeak 0-1ekoari buelta eman, eta baloiaren eta jokoaren jabe eginda, 2-1 irabazi du. Padura Zaldupetik pasatu den talderik onena dela iritzi dio Aurrera Kirol Elkarteko Zuzendaritza Batzordeak.
Baloiaren jabetza izanda eta defentsa lan sendoa eginda, garaipen oso garrantzitsua eskuratu du gaur (urtarrilak 11, zapatua) Aurrerak Zaldupen. Elorrio lehen sailkatuak galdu egin du, eta, horrenbestez, ondarrutarrak lehen sailkatuarengandik 4 puntura jarri dira Lurraldeko Ohorezko mailan (1 taldea). 34 puntu ditu Elorriok eta 31 Aurrerak.
Zaleek pozik utzi dute futbol zelaia amaieran. Taldeak, izan ere, dena eman du zelaian, eta 28. minutuan Padurak 0-1ekoa sartu badu ere, ez dute amore eman. Lanean jarraitu dute, baloia ondo mugitu dute, eta joan-etorriko lehen zatian lortu du azkenean bilatzen zuena. Aldageletara joan baino 5 minutu lehenago, Eñautek berdinketa igo du markagailura. Lejardik txilena bategaz area txikira baloia sartu ostean egin du 9. zenbakiak gola.
Bigarren zatia Paduraren jaurtiketa bategaz hasi da. Bisitariek zeukaten asmoa argi utzi nahi izan dute hasiera-hasieratik. Dena dela, asmoak asmo, zelaiaren jabea bat bakarra izan da: Aurrera. Lehen 25 minutuetan gainetik pasa zaizkie Padurakoei. Jokaldi, kontraeraso, falta zein korner jaurtiketak etxekoenak izan dira. Padurak ezer gutxi egin ahal izan du. Eta nagusitasun horrek saria izan du 25. minutuan (2-1). Josu Aldazabalek egin du bigarrena. Amaierara arteko minutuak lehiatuagoak izan dira berriz, baina, dena dela, Padurak ez du eman berdindu zezakeenaren itxurarik. Landutako eta merezitako garaipena eskuratu dute Ibon Lopezek zuzendutako mutilek.
Zuzendaritza Batzordearen iritziz, Padura Zaldupetik igaro den talderik onena izan da, zelaian ondo kokatuta egon dena eta uneoro zer egin ondo jakin duena. “16 gol dituzte alde, eta 11 kontran. Defentsa lan oso ona egiten duen taldea da, eta aukera daukanean, gola egiten duena”, adierazi du Eladino Gonzalez presidenteak. Etxeko mutilek ere lan oso ona egin dute, eta hori balioan jarri du: “Lehen bi partiduetan ez modura, orain, markagailuari buelta emateko motibazioa daukate mutilek. Gaurkoan Elorrio liderrak galdu egin duela jakin dute atsedenaldian, eta horrek motibazio estra bat eman die. Dena ematera atera dira bigarren zatian. Jokoa arinagoa egin dute, geureagoa, aukera piloa izan ditugu”. Garaipenaren garrantzia nabarmendu du Gonzalezek: “Padura 7.a zen partidua jokatu aurretik, eta orain, lehen laurengandik aldenduta geratu da, 6 puntura. Zuloa zabaltzen goaz”.
Jende asko daukagu laguntzen, eta horrek asko laguntzen du taldea ondo joan dadin. Guretzat harro egotekoa da
Hurrengo partidua Gernika Bren kontra jokatuko du, bisitari modura, Urbietan. Gernikarrak bosgarrenak dira sailkapenean. “Partidu zaila izango da, ondo jokatzen dute, baina guk aurten kanpoan aurrerapausoa eman dugu, eta gai izan behar gara edozein partidu aurrera ateratzeko”. Taldea konfiantzaz dago, eta horrek asko lagunduko die. “Galtzen hasita ere, buelta emateko gai dira”. Horretan ere zerikusi handia daukate zaleek: “Jendea etortzen da, giro ederra izaten dugu. Zaleei eskerrak eman nahi dizkiegu, guretzat harro egotekoa da. Jende asko daukagu laguntzen, eta horrek asko laguntzen du taldea ondo joan dadin. Ekonomikoki ere asko laguntzen dute”.
Aldagelak lehentasun. Gonzalezek adierazi du aldagela berriak egitea dela klubaren lehentasuna. “Bultzada behar dugu aldagela berriak egiteko. 6 urte daramatzagu barrakoiekin, eta gurasoak ere kezkatuta daude horregaz. Berrantolaketa proiektu bat idazteko zain gaude. Arazoa teknikoa da, burokrazia kontua, eta aurrera egin behar dugu gai horregaz. Datorren urtean mendeurrena ospatuko dugu, eta bai edo bai, datorren denboraldian aldagelak eginda egon behar dira”.