80.000 lagun inguru batu dituzte Baionako eta Bilboko presoen aldeko manifestazioek
Milaka eta milaka lagunek bete zituzten Baiona eta Bilboko kaleak zapatuan [urtarrilak 11] euskal preso politikoen eskubideen defentsan, eta dispertsioaren aurka eta iheslari eta deportatuen etxeratzearen alde.
Mobilizazio jendetsuak izan ziren; deitzaileen arabera, 10.000 lagun batu ziren Lapurdiko hiriburuan, Frantziako Gobernuari euskal presoen gaineko urratsak egitea eskatzeko. Bizkaiko hiriburuan, berriz, 70.000 lagun inguru atera ziren kalera Sare herritar plataformak deitutako manifestazioan.
Protesta egiten lehenengoak Ipar Euskal Herrikoak izan ziren. Ez dadila historia errepikatu. Orain presoak lelopean abiatu zen protesta 15:30ean. “Euskal presoak etxera” oihuen artean egin zuten manifestazioaren ibilbidea, eta, besteak beste, Parisko gobernuari euskal presoak etxeratzeko bidea abiarazteko eta jarrera aldatzeko eskatu zuten.
Bukaerako ekitaldian Bake Bideako Anais Funosasek eta Mixel Berhokoirigoin Bakegileak, gainera, urrats berriak emateko exijitu zioten Frantziako Estatuari. Hemendik aurrera beste etapa bat hasi beharra dagoela esan zuten amaierako ekitaldian, terrorismoaren aurkako Frantziako ministerio publikoa jomugan jarrita.
Makila airean eta euskal presoak etxera oihu artean amaitu zuten Baionako mobilizazioa. Irrintzi artean, lekukoa Bilbori pasaz. Bat amaitu orduko betea hasi zen. Bizkaiko hiriburuko mobilizazio erraldoia 17:20ak inguruan, txalo zaparrada artean, irrintzi artean eta Sareko eledunek aginte makila banari eusten ziotela. Manifestazioa abiatu zenerako, Casilla plazatik Zabalbururainoko tarte guztia jendez beterik zegoen, manifestazioagaz bat egiteko zain.
Etxerat eta Sareko ordezkariek eraman zuten Orain presoak zioen pankarta; buru-buruan Rosa Rodero eta Axun Lasa ETA eta GALen indarkeriaren biktimak joan ziren. Rodero ETAk hildako Joseba Goikoetxea ertzainburuaren alarguna da eta, Lasa, berriz, GALek hildako Joxean Lasaren arreba.
Euskal presoen eskubideak errespetatzeko, Euskal Herriratzeko presoak, gaixo direnak hurbiltzeko, gradu aldaketak ahalbidetzeko eskatu zuten kalerik kale, eta ibilaldi guztian Euskal presoak etxera oihua nagusitu zen. Manifestazioa 18:30ean ailegatu zen Bilboko udaletxe parera, eta manifestazio burua bertara heltzearekin batera Etxean nahi ditugu leloa zeraman oihal handi bat zintzilikatu zuten bertan.
Bukaerako mezua Rosa Roderok eta Axun Lasak irakurri zuten. Elkartasuna adierazi zieten presoei eta haien senideei, eta Espainiako eta Frantziako gobernuei behingoz urratsak emateko eskatu zieten. “Uste dugu beste biktima askok sentitzen dutena jasotzen dugula ozen eta argi badiogu giza eskubideak oinarri izan behar direla Espainia eta Frantziako espetxeetan. Gainera, legeak babesten du jardun hori. Horregatik eskatzen dugu espetxeetako onuren kudeaketan diskriminaziorik ez izateko, presoak Euskal Herrira hurbiltzeko, gaixotasun larriak dituzten presoak eta adineko presoak askatzeko, graduz aldatzeko aukera izatea, kondena bidegabeak berrikusteko…”.
Era berean, kartzela politika aldatzeko nahia oroitarazi zioten Espainian eratu den koalizio gobernu berriari. Manifestazioan parte hartu zuten eragile guztiek gobernu berriari begira jarri zituzten eskariak. “Azaroko hauteskundeetan eskuinak eta ultraeskuinak aurrera egin arren, gehiengoa lortu dute joera aurrerakoia duten indarrek, eta, beraz, ausardiaz, gai hau Estatuaren agendan sartzeko aukera sortu da”.
Sare herritar plataformak asteburuko manifestazioen ostean, Espainiako Gobernu berriagaz aukerak zabaldu daitezkeela uste du. Hori dela eta, bilera saio bat egingo dute Espainiako Kongresuan ordezkaritza duten alderdiekin, eta helburua zehatza dela azpimarratu dute.
Euskal presoen egoerari buruzko txostena emango diote alderdi bakoitzari, bertan, hain zuzen, “administrazioaren jarrerak presoen eskubideen urraketan gehien eragiten duten datuak batuko” dituzte. “Eskatuko diegu giza eskubideak ahaztutako zerbait ez izateko jarrerak har ditzaten, proaktiboak izateko, eta gai hori euren agendetan sartzeko”. Era berean, presoen egoera nazioartera helarazten jarraitzeko asmoa ere iragarri du Sarek.