Mutrikuko Bentalekua birgaitzeko proiektua lehiaketara atera du Eusko Jaurlaritzak
Mutrikuko Udalak azaroaren bukaeran ekin zion Bentalekua berreraikitzeko lehen faseari, eta Jaularitzaren asmoa orain, eraikinaren egitura berregitea da bigarren fasean. Lehiaketa publikoa proiektua idazteko dela soilik nabarmendu dute Jaurlaritzako iturriek.
Eusko Jaurlaritzako Portu eta Itsas gaietako zuzendaritza saileko iturriek adierazi dutenez, Mutrikuko Bentalekua birgaitzeko proiektuak aurkezteko epea zabalik dago aurreko astetik. Jaurlaritzak iragarri duenez, 84.192,50 euroko (101.872,93 BEZ barne) aurrekontua du kontratuak, eta proposamenak aurkezteko epea urtarrilaren 24an amaituko da.
Mutrikuko Udalak azaroaren bukaeran ekin zion Bentalekua berreraikitzeko lehen faseari, eta Jaularitzaren asmoa orain, eraikinaren egitura berregitea da bigarren fasean, eraikinaren berezko itxura eta esentzia galdu gabe. “Eraikina ondare kultural modura babestuta dago, eta arkitektura eta urbanismoaren ikuspegitik bete egin behar diren gidalerroak errespetatu beharko dira nahitaez proiektuan”.
Gaur egun, kofradia zaharra zena kontserbazio egoera oso eskasean dago. 2017ko otsailean erre zen Bentalekua, eta suteak eraginda kalte nabarmenak edukitzeaz gain, erakinia zaharra ere bada: 1921ean eraiki zuten eta 1992an berritu zuten azkenenekoz. Hala, Portu eta Itsas gaietako zuzendaritzak egokitzat eta beharrezkotza jo du eraikina birgaitzeko proiektuaren idazketa kontratazioa lehiaketa publiko bidez egitea. “Portu eta itsas gaietako zuzendaritzak gaur egun ez ditu aipatutako lana egiteko behar diren baliabide materialak, teknikoak eta giza baliabideak; beraz, beharrezkotzat jotzen da kanpoko zerbitzu baten bidez kontratatzea”.
Lehiaketa publikoa proiektua idazteko dela soilik nabarmendu dute Jaurlaritzako iturriek. “Kontratua sinatzen denetik proiektua idazteko bost hilabeteko epea dago, eta behin proiektua itxita dagoenean, orduan aterako genituzke lanak lehiaketara. Datarik ez dago zehaztuta. Gure asmoa da 2020an proiektua gauzatuta edukitzea, eta dena aurreikusitako epeen arabera betez gero, eta beti ere, aurrekontua ikusita, gure nahia lanak 2021ean hastea litzateke”.