Ondarroako Udalak hirigintzako berrantolaketa proiektu berria idatzi beharko du Zaldupen aldagelak egiteko
Ondarroako Udala agintaldiko hirigintzako berrantolaketa nagusietako bat egiteko prestatzen ari da. Udalaren asmoa aldaketa ahalik eta arinen gauzatzea da, eta lanak noiz hasi daitezkeen zehazterik ez baldin badago ere, uda edo ostean hasiko direla aurreikusten dute.
Udal iturriek azpimarratu dutenez, eremuko hirigintza ordenamendua arautzen duten arauen aldaketa bat egitea beharrezkoa izango da Zaldupe futbol zelaiko aldagelak lekuz aldatzeko, eta modu horretara, erabilgarri dagoen azalera handitzeko. Oro har, plan bereziari aldaketak egin beharko dizkiote, “lehentasunezkoak diren hainbat eskaerari erantzuteko”.
Besteak beste, hirigintzako berrantolaketa proiektua berria idatzi beharko dute aldagelak berriak orain barrakoiak dauden aurkako ate atzean eraiki ahal izateko. Adierazi dutenez, aldagelak, taberna eta kirol elkarteko bulego nagusiak dauden tokian ezin da ezer gehiago eraiki. “Kosta zuzendaritzaren arabera, toki horretan ezin daiteke gehiago eraiki, ibaitik hurbilegi dago”.
Herriko planteamendu orokorrean, baina, aldagelak eraiki nahi dituzten tokia ez dago Zaldupe zelaiaren parte modura jasota, baizik eta kiroldegiaren lurren parte dira. “Hori dela eta, aldaketa hori jasotzeko plan berezi bat gauzatu behar dugu. Horren arabera, gaur egun barrakoiak dauden tokia Ertzainetxearen ondoan dagoen parkina handitzeko erabiliko genuke, eta bertan aparkaleku bertikal bat eraiki. Zaldupe kiroldegi parean dagoen ate atzeko gunea, berriz, futbol zelaiari emango genioke”.
Egin beharreko inbertsioa handia denez, eta udalak ez duenez nahikoa aurrekonturik, lanak ordaintzeaz Aurrera Kirol Elkartea arduratuko da; obraren kontrazioagaz ere eurak arduratuko dira. “Udala lan horretaz arduratuz gero, lehiaketa publiko bat egin behar da, eta prozesua oraindik gehiago luzatuko litzateke”.
Udalak proiektu bat gauzatu du kirol elkarteagaz elkarlanean. Elkarlanerako akordio horri esker, Aurrerak Athleticek IƱigo Martinez Realetik fitxatu zuenean jasotako 601.000 euro (zergak kendu gabe) inbertituko lituzke ekipamendu berrian. Lanak, hasiera batean, Aurrera Kirol Elkarteak ordainduko baditu ere, udala urtero kopuru bat bueltatzen joateko konprometitu da kirol elkarteagaz.
Martinezen fitxaketaren diruagaz, baina, ez da Aurrerak nahiko lukeen besteko eraikin handia egiteko ailegatzen, hori dela eta, solairu bakarrekoa egingo dute, baina araua jasota lagako dute etorkizunean handitu nahi izanez gero ere. Taberna berriz, orain dagoen tokian mantenduko dute. “Aurrekontu gehiago balego, gure asmoa aldagelak, taberna eta bulegoak eraikin berean eraikitzea zen. Behean aldagelak, eta goian taberna”.