Mikel Zabalegi ordiziarra eta Irune Ruiz de Gauna gasteiztarra nagusi, IV. Kalamua-Barinaga jaitsieran
Mikel Zabalegik gainera, Joseba Plazak 2018an ezarritako marka nabarmen hobetu du. Parte hartze aldetik beste urte batzuetan baino korrikalari gehiago batu ditu probak.
Gaur [urtarrilak 18] eguerdian lehiatu da IV. Kalamua-Barinaga Jaitsiera. Mikel Zabalegi Aseginolaza ordiziarra eta Irune Ruiz de Gauna gasteiztarra igo dira podiumaren gorenera. Zabalegik 10 minutu eta 43 segundotan gelditu du kronoa, eta Ruiz de Gaunak, berriz, 14 minutu eta 56 segundotan.
Gizonezkoetan Joseba Plaza Rabanete (10.54) markina-xemeindarrak eta Pello Gerrikaetxebarria San Anton (11.20) zornotzarrak osatu dute podiuma. Emakumezkoetan Lexuri Lopez Sasia bilbotarra (15.24) eta Nerea Amilibia Arruti zarauztarra (15.34) geratu dira bigarren eta hirugarren, hurrenez hurren. Sailkapen osoa Kirol Probak webgunean ikus daiteke.
Sailkapen buruek pozik jantzi dute txapela. Zabalegik adierazi duenez estreinako parte hartu du jaitsieran. “Aurten eduki dut lasterketa honen berri, eta horrelako gauzak gustuko ditudanez etortzea erabaki dut. Bihar, gainera, beste lasterketa batera joateko asmoa dut, baina giharretako minagaz egin beharko dut beste lasterketa”.
[zuzenean ARGAZKI GALERIA IKUSI]
Zabalegik, gainera, Joseba Plazak 2018an ezarrita zuen errekorra (11.13) hautsi du. Minutu erdian jaitsi du markina-xemeindarrak ezarrita zuen marka. “Aurreko astean ibilbidea zelakoa den ikustera etorri nintzen, eta gaur errekorra hautesko asmo horregaz etorri naiz. Emaitza hobetzea lortzen ez banuen ere, banekien urruti ez nintzela ibiliko. Behegainea ere nahikoa lehorra egon da, eta denborak ere, oro har, hobetu egin dira”.
Irune Ruiz de Gaunak ere estreinako parte hartu du Barinagako lasterketan. “Lasterketa polita izan da, eta asko gustatu zait; zailagoa izango zela espero nuen”. Ruiz de Gaunak azpimarratu duenez, ez zuen inolaz ere espero gaur txapela etxera eramatea.
Barinagako Jai Batzordeko kideek azpimarratu dutenez, “marka guztiak hautsita”, inoizkorik parte hartze handiena eduki du lasterketak. 51 lagunek eman dute aldez aurretik izena, eta beste hiruk azken orduan. “Bi ez dira etorri, beraz, 52 lagunek egin dute aringa-aringa: 45 gizonezkoak eta 7 emakumezkok”. Lasterketa puntuagarria da Euskal Herri mailan, eta horrek ere jendea erakarri duela uste dute antolatzaileek. Adin aldetik ere parte hartze zabala eduki du lasterketak. Parte hartzaile gazteena 15 urtekoa izan da, eta zaharrena, 67 urtekoa.
[zuzenean ARGAZKI GALERIA IKUSI]
Antolatzaileek oso balorazio positiboa egin dute, eta nabarmendu dutenez inork ez du minik hartu. “Parte hartzaileek, oro har, gustura eta pozik amaitu dute proba, erorikoren bat edo urraturen bat beste tarteko bateren batek zauri arinekin amaitu du, baina, dena dela, ez da egon ezer aipagarririk”.
10:30ean igo dira parte hartzaile guztiak Kalamuara, eta 12:00ak aldera eman diote hasiera probari. Normalean, 12:00ak puntuan hasten da lehenengoa aringa-aringa, baina azken unean hiru lagunek izena eman dutenez, ohikoa baino zer edo zer azkarrago irten du lehen korrikalariak tontorretik. “Minutu eta erdi arinago irten du lehenengoak”. Minutu erditik minutu erdira atera dira gainontzeko parte hartzaile guztiak; denek ere, haize fin eta hotzari aurre egin, eta 3,7 kilometroko ibilbidea malkartsua jaitsi behar izan dute Kalamuko tontorretik Barinagako frontoi pareraino, zaletuen animo eta txalo artean.
Lasterketa amaitu eta sariak banatu arteko tartean, dutxatu eta jan-edanerako aukera eduki dute parte hartzaileek frontoian. Indarrak berreskuratu ostean, sari banaketa eta hainbat opari zozkatu dituzte.