Ondarroako Udalak berba egiteko espazio berri bat sortuko du Gaztelekuan
Lanak otsailean hasiko dituztela iragarri dute udal ordezkariek. Eraikinean hainbat aldaketa egingo dituztela aprobetxatuta, Errebala Txikiñeko hormak ere margotuko dituzte.
Ondarroako Udalak jakitera eman duenez, Errebala Txikiñe Gaztelekuaren sarreran berba egiteko espazio berri bat sortzeko lanak otsailean hasiko dituzte. Gaur egun, espazio zabal horrek ez dauka erabilgarritasun zehatzik, eta txoko berri bat sortzeko espazio egokia dela ikusi dute udal ordezkariek. “Errebala Txikiñe herriko gazte askoren bilgunea da neguan, batez ere, hotza eta euria ari duen asteburuetan, eta guretzat oso garrantzitsua da espazio berriak sortzea.” Iragarri dutenez, berba egiteko espazio berria sortzeko beheko solairuan dagoen espazio zabala aprobetxatuko dute, “alfonbra eta besaulki batzuekin solaserako txoko goxoa sortuz”.
Eraikinean hainbat aldaketa egingo dituztela aprobetxatuta, Gaztelekuko hormak ere margotu egingo dituztela esan du Eneritz Basurko Pagoaga Hezkuntza batzordeburuak. “Gure gazteek aisialdia euren buruagaz bakarrik pasatzeko bitarteko gero eta gehiago dituztela uste dugu, baina gure helburua gazteek denbora libre lagunekin igarotzea da; berba egiten, eztabaidatzen, iritziak trukatzen, lagun berriak egiten… txoko hau horretarako bitarteko aproposa izan daitekeela uste dugu”.