Aurten ere Mutrikuko Zabiel jauregia berdez argiztatuko dute, minbiziaren aurkako borroka irudikatzeko
Minbiziaren Aurkako Nazioarteko Egunaren harira, barikutik martitzenera bitartean argiztatutako dute Mutrikuko kultur etxea. Gipuzkoako Minbiziaren Aurkako Elkarteak minbiziari buruzko mintzodromoa ere antolatu du Eibarren.
Martitzenean [otsailak 4] Minbiziaren Aurkako Nazioarteko Eguna da, eta egun horren harira, hainbat ekimen egingo dira mundu mailan. Gipuzkoako Minbiziaren Aurkako Elkartearen ekimenez, Gipuzkoako hainbat herritan eraikin adierazgarriren bat berdez argituko dute, eta Mutrikun aurten ere Zabiel jauregia berdez argiztatuko dutela jakitera eman dute Gipuzkoako Minbiziaren Aurkako Elkarteko kideek.
“Eraikin historiko hau itxaropenaren kolorearekin bat etorriko da, Gipuzkoako beste ondare elementu batuzek egingo dute modura”. Hala nola, Donostiako eta Irungo udaletxeak, Tolosako Topic edo Hondarribiako harresia berdez argitaztatuko dituzte datozen egunotan.
Elkarteko boluntarioek adierazi dutenez, Minbiziaren Aurkako Nazioarteko Eguna martitzenean bada ere, argi berdeak arinago piztuko dituzte Mutrikun. Zehatz esanda, bariku [urtarrilak 31] iluntzetik martitzenera [otsailak 4] arte piztuta egongo direla azpimarratu dute, ekintzari ahalik eta ikusgarritasun gehiago emate aldera. “Asteburua ere aprobetxatu nahi dugu ekintzari eta zabaldu nahi dugun mezuari ikusgarritasuna emateko”.
Minbiziaren Aurkako Nazioarteko Egunaren harira, gainera, minbiziari buruzko mintzodromoa ere antolatu dute Eibarren. Ekintza martitzenean [otsailak 4] egingo dute Eibarko Portalean, 10:30etik 12:30era; nahi duten herritar guztiak bertan parte hartzera gonbidatu dituzte Mutrikuko boluntario sareko kideek.
Elkarrizketa mahaiak pazienteek, senideek, boluntarioek, profesionalek eta, oro har, herritarrek osatuko dituzte. Bertan parte hartzeko interesa dutenek honako webgunean eman beharko dute izena. Gogorarazi dutenez, izen ematea doakoa da. “Parte hartzeko foro bat izango da. World Cafe deritzon formatuan, Gipuzkoako gizarteak minbiziaren arloan aurre egin behar dien erronkak aztertu nahi ditugu. Zehazki, gogoeta egin nahi dugu gutako bakoitzak gizartean duen zereginaz, eragin emozionala murrizteko eta minbizia duen pertsona baten egoera errazteko“.