Urtza Agirre atleta ondarrutarrak Espainiako Txapelkerako gutxieneko marka lortu du
Basaurin asteburuan lortutako 2 minutu, 20 segundo eta 52 ehuneneko markari esker, 18 urtez azpiko 800 metroko pista irekiko lasterketan aritzeko txartela zuzenean lortu du atleta ondarrutarrak.
Urtza Agirre Lersundi Durango Kirol Taldeko atleta ondarrutarrak martxoaren 7 eta 8an Valentzian (Herrialde Katalanak) lehiatuko den Espainiako Txapelketan parte hartzeko aukera edukiko du. Basauriko proba librean asteburuan lortutako marka onari esker, 18 urtez azpiko 800 metroko pista irekiko lasterketan aritzeko txartela zuzenean lortu du. Hain zuzen ere, 2 minutu, 20 segundo eta 52 ehuneneko denboragaz amaitu zuen 800 metroko lasterketa pistan, lehenengo postuan.
Agirrek estreinako lortu du Espainiako Txapelketan lehiatzeko gutxieneko marka. Orkatz Beitia Gandiaga Durango Kirol Taldeko entrenatzaile ondarrutarrak azpimarratu duenez, aurreneko aldia 800 metroko lasterketa batean parte hartu duena. Gaineratu duenez, Agirrek ezustekoa eman zuen Basaurin. “Espainiako Txapelketan parte hartzeko 2 minutu eta 22 segundo azpitik egin behar zuten, eta hori gaindituko zuela bagenuen esperantza. Egia esan, oso marka ona da lortu duena, eta oso pozik gaude klubean. Lortu duen modura eginda, gainera, ezustekoa ere izan da askorentzat”.
Lasterketa berean eskualdeko beste atleta birek ere parte hartu zuten, baina ez zuten gutxieneko marka gainditzea lortu. Durango Kirol Taldeko Izaro Aranburu Rementeria aulestiarrak (2.30,90) eta Lekeitioko Tximista Taldeko Aiora Agirregomezkorta Gandiaga markina-xemeindarrak (2.32,65) zazpigarren eta zortzigarren amaitu zuten, hurrenez hurren, proba. “Gutxieneko marka lortzeko proba gehiago ere jokatuko dira datozen asteotan”.
Urtza Agirre, baina, ez da Espainiako Txapelketarako gutxieneko marka lortu duen eskualdeko atleta bakarra. Duela bi aste Durango Kirol Taldeko Sara Asenjo Arrien aulestiarrak eta Sarai Larrinaga Lejardi etxebarritarrak 18 urtez azpiko pisu jaurtiketan 11,30 metroko gutxieneko marka erraz gainditu zuten. Aulestiarrak 11,58 metroko marka lortu zuen eta etxebarritarrak, berriz, 11,97 metrokoa.