Zinegoak jaialdirako aukeratu dute Ekai Lersundiri buruzko film laburra
Sail ofizialerako aukeratu dituzten 29 film laburren artean dago Arantza Ibarra ondarrutarrak zuzendutako lana. Otsailaren 24tik martxoaren 8ra bitartean, zehazteke dagoen data batean estreinatuko dute 21 minutu inguru dituen dokumentala.
Zinegoak Bilboko Gaylesbitrans 17. Nazioarteko Zinema eta Arte Eszenikoen Jaialdia hasteko aste gutxi falta direnean, jaialdiko antolakuntzak hautatu dituen film laburren zerrenda ezagutara eman du. Antolakuntzak, hain zuzen, martitzenean [urtarrilak 28] eman zuen berria. 40 film labur aukeratu dituzte, 29 Sail Ofizialean, mundu osotik heldutako film laburren artean, Ekai Lersundi ondarrutarrari buruzko Mi pequeño gran samurai lehiatuko dela jakitera eman dute.
Jaialdia otsailaren 24tik martxoaren 8ra bitartean egingo dute, eta aste biko programazioan, sexu–, identitate– eta genero–aniztasuna landuko da zeharkako ikuspegi zabal eta eraikitzailearekin. Jaialdiak ez du oraindik egitaraua ezagutara eman, eta orduan jakingo da Izar films-ek ekoitzi eta Arantza Ibarra ondarrutarrak zuzendu duen 21 minutu inguruko film laburra noiz eta non proiektatuko duten. “Hautatu duten film laburren zerrenda ezagutara eman dute, baina zehaztasun gehiago aurrerago emango dituzte. Gure aldetik aurreratu dezagun bakarra sail ofizialean lehiatzeko aukeratuak izan garela da. Txapelketa barruan mundu osoko beste hainbat film laburrekin batera gaudela jakitea izugarria izan da guretzako”.
Arantza Ibarrak, hain zuzen, jaialdi esanguratsu batean aurkeztu nahi zuten lana, eta Mi pequeño gran samurai-ren estreinaldia Zinegoaken aurkeztea oso pozgarria dela esan du.”Lanaren estreinaldia Bizkaian bertan egitea nahiago nuen. Zinegoak jaialdia betidanik oso gustuko dut, eta bertan sail ofizialean lan bat estreinako aurkeztu ahal izateak ilusio handia egiten dit. Nire asmoa lan honegaz jendearen adimena zabaltzea da. Zenbat eta munduko leku gehiagotan proiektatu dokumentala, transexualitateari bultzadatxoa emateko hobeto izango dela uste dut”.
Lanaren lehengo teaser-a ere jaialdi bereko Bilgune work in progress deritzon sailaren barruan aurkeztu zuten iaz. “Lana grabatzen ari ginela, Zinegoak jaialdian aurkeztu genituen lanari buruzko lehen zertzeladak, eta orain zikloa ixteko beste modu bat da hau. Dena borobiltzeko beste era bat da; eurekin eman genion hasiera proiektuari, eta eurekin estreinatuko dugu dokumentala bera ere”.
Lanari dagokionez, emaitzagaz oso gustura geratu dela azpimarratu du zuzendari ondarrutarrak. Hori bai, lanaren postprodukzioa nahi baino gehiago luzatu zela jakitera eman du. “Editatzea asko kostatu zaigu, oso zaila izan da. Gauza asko egon da sartzeko, eta gaia bera ere oso sentikorra denez, ezin genituen gauza batzuk kanpoan utzi. Buruhauste handia eman didate editatze lanek, eta ia urrira arte egon gara horretan. Hori bai, atzetik egin beharreko lana (musika, soinua, ahotsa…) martxa onean egin dugu”.
Dokumentala diru bilketari esker izan dela posible gogorarazi du zuzendariak. “Izar filmsen filmari buruzko gorabeheren kudeaketa egin du, baina ez da nik egindako film laburra, denona da; denok parte hartu dugu. Ia Ondarroa erdia proiektuaren parte dela esango nuke, mezenas modura batek baino gehiagok parte hartu du. Horrez gain, beste hainbat lagun daude film honen atzean. Eta horiek guztiak lan honetan agertzen dira era batera edo bestera; Bea Sever Naizen elkarteko bozeramaileak, esaterako, aholkulari modura asko lagundu dit”.