Aldundiak esan duenez, Alkolea gaineko arrakalek "ez daukate zerikusirik GI-638ko lanekin"
Alkoleako tunelaren sarrera eta Murgizu etxea baino gorago bost arrakala agertu dira. Txosten geologikoaren arabera, pinudia botatzeko pistak eragin eta euriak larriagotu ditu.
Azken egunotan komunikabide batean agertutariko informazioak kezka eta nahasmena eragin ditu hainbat mutrikuarren artean, eta informazio hori ez dela guztiz zuzena adierazi dute Gipuzkoako Foru Aldundiko iturriek. GI-638 errepidera jaisten den mendi magalean arrakalak agertu dira, baina azpimarratu dutenez, “arrakalek ez daukate zerikusirik GI-638 bideko lanekin”.
Zehatz esanda, Alkoleako tunelaren sarrera eta Murgizu etxearen arteko mendi magala baino gorago agertu dira arrakalak, lehen pinudia zegoen lekuan. “Errepidetik gora doan lehen tartean ez dago arrakalarik, askoz gorago agertu dira; etxea baino gorago”.
Urtarrilaren 22an zabaldu zuten Alkoleako tunela, eta udal ordezkariek egun berean eduki zuten arrakalen berri. “Udaleko ordezkariek lurra zartatzen ari zela ikusi zuten, baita obrako langileek ere”. Udalak egoeraren jakitun ipini zuen aldundia, eta biharamunean geologo batek eta ubide eta bide ingeniari batek lekua ikuskatu zuten. Adituek idatzi zuten txosten geologikoaren arabera, lur mugimenduen ondorioz, bost arrakala agertu dira Murgizu etxea baino goragoko lurretan.
Txosten geologikoaren arabera, Murgizu etxearen eta alboko etxearen goialdeko lurra nahikoa ezegonkorra da
Arrakalak zergatik agertu diren zehatz jakiterik ez baldin badago ere, “arrakalek, ustez, inguruan dagoen pinudia botatzeko pistak zabaltzeak eragin ditu, eta beherago pilatutako euriak ere egoera larriagotu du. Txostenean agertzen denaren arabera, arrakalak ez dira obraren ondorioz sortu. Hori argi eta garbi geratzen da”. Are gehiago, arrakalek errepidea ez dutela arriskuan jartzen baieztatu dute. “Errepideari ez diola eragiten argi dago”.
Txosten geologikoaren arabera, Murgizu etxearen eta alboko etxearen goialdeko lurra nahikoa ezegonkorra da. “Ez da lur homogeneoa”. Adituek ez dute baztertzen etorkizunean ezegonkortasuna handituko denik. Aldundiko ordezkariak jarraipena egiten ari dira. Neurketak eta zaintza berezia egiten jarraituko dute, ea mugimendurik dagoen ikuskatzeko.
Hori bai, aldundiko iturriek ez dute baztertzen balizko lur jausiren bat egon daitekeenik. “Bertako lur mota nahikoa ezegonkorra da, eta aurretik ere hainbat lur jausi egon izan dira gune horretan. Horrek ez du esan nahi obra egin aurretik gertatzen zen modura lur jausi txikiren bat edo beste ezin denik gertatu”.