Tomas Maiz: "Momentu ona da naturarekiko harremana berreskuratzeko"
Maizek dio pinuaren gaixotasunak aukera baten aurrean ipini dituela administrazioak gaur egunera arteko ustiaketa politikak birplanteatzeko; paisaia balioan jartzeaz dihardu
Arte ederretako doktore tesia aurkeztu berri duzu, Lea-Artibaiko paisaian oinarrituta.
Hoerelaxe da, bai. Izenburu honegaz: Características estéticas del paisaje vasco. Comarca de Lea-Artibai. (Euskal Herriko paisaiaren ezaugarri estetikoak. Lea-Artibai eskualdea).
Lurraldearen berrirakurketa bat planteatzen duzu, estetikan oinarrituta….
Dena dela, tesian kontuan hartu ditut ekologia, estetika eta ingenieria. Nire metodologia arlo bakoitzeko adituekin kontrastatu nuen, eta balio izan zidan konturatzeko zein zaila den baloratzea paisaia, ze beti dago edertasunaren kontzeptua tartean, hau da, subjetibitatea.
Lea-Artibain oinarritu zara ikerketa egitean. Zergatik?
Bertan bizita praktikoena horixe zelako, baina berdin-berdin balioko luke Bizkaiko edo Gipuzkoako beste leku baterako ere. Legazpikoa naiz, eta nire herrian paisaiak izan zuen eraldaketaren lekuko izan nintzen. Han ikusi dudan eraldaketa bi lurraldeotan gertatu da. Araban eta Nafarroan, aitzitik, herri-basoa mantendu egin da, eta, beraz, baita bertako landaredia ere.
Ikuspegi kritikoa duzu…
Ikuspuntu erabat kritikoa plazaratzen dut. Pertsonak natura atal guztietan ikutu du: zerua ikututa dago; itsasoa ere bai, nahiz eta aldaketak bistan egon ez. Lurrean egindako aldaketak, alabaina, agerikoak dira. Hala eta guztiz ere, azaleko aldaketez jabetzen gara, gehiago ez.
Ikuspegi judu-kristaua dago ustiaketa guztiaren atzean, zeinak esaten duen mundua pertsonak gozatzeko sortu zela
Kosmobisioaz diharduzu; ustiaketaren jatorriaz…
Tesian, ispilu paisaia aipatzen dut. Kosmobisioa. Izan ere, kultur eta erlijio inertzia baten menpe gaude. Ikuspegi judu-kristaua dago ustiaketa guztiaren atzean, zeinak esaten duen mundua pertsonak gozatzeko sortu zela.
Horren aurrean, naturagaz lotura berrartzeaz ari zara…
Ikerketa genetikoek baieztatu dutenez, hemen bazegoen populazio finkatu bat duela 18.000 urte. Horrenbestez, beti egiten den irakurketa da euskaldunek badaukatela halako aspaldiko lotura bat naturagaz. Lotura hori bidean galdu da, ordea; eta naturak orekatu egiten gaitu.
Zeintzuk izan dira historian egon diren gertaera garrantzitsuenak paisaiaren ikuspegitik begiratuta?
XVI. mendean, bake giroan-edo, baserriak eraikitzen hasi ziren, eta horregaz luberriketa lanak hasi zituzten; gero, egurra ateratzen hasi ziren gerra ontziak egiteko; eta burdinolak, ekaitz begetala egiteko. XVI eta XVIII. mendeetan, lursailen eta egurren bidez gerrako gastuak ordaintzen hasi zirela jasotzen da idatzietan, eta, bide batez, desamortizazioak heldu ziren. Horren eraginez, arboladiak eta herri-basoak galdu ziren.
Garaiko adituak aldaketa horren lekuko izan ziren, ezta?
Alejandro de Humboldt polimataren idatzietan ikusten da zer gertatu zen. Bertotik birritan pasatu zen: 1799an, bertoko landarediaren kromatismoa goretsi zuen; eta 1801ean, ostera, gertatzen ari zen txikizioa nabarmendu zuen. Bateko eta besteko, agirietan ikusten denez, 30eko hamarkadarako Bizkaiko basoaren %80 desagertuta zegoen.
50eko hamarkadatik hona Lea-Artibaik ikuspegi estetikotik izan duen garapanari leku nabarmena eman diozu…
50eko hamarkadan, bi fenomenok bat egin zuten: alde batetik, bi mendetako deforestazioa zegoen, eta, horren barruan, pinuaren etorrera, 1840an. Eta, bestetik, Francok hiri guneetan bultzatutako desarrollismoa. Puntu honetan esan paisaia osotasunean ulertzen dudala nik, hau da, paisaia naturalaz gain, paisaia hiritarra ere badagoela.
Basoak inertziagaz ustiatzen jarraitu dira, eta ez da babes neurririk hartu
Paisaiaren ustiaketak ez du etenik izan?
Franco hil ostean, hiri guneen hazkundea arautu egin zen. Basoen ustiaketan, ostera, ez da zuzenketarik egon. Inertziagaz jarraitu da, eta gure eskualdean, gainera, ez da babaserako neurririk hartu. Gurean ez da arretarik jarri. Horregatik proposatzen dut lurraldearen berrirakurketa bat ikuspuntu estetikotik, pinturaren, eskulturaren eta errestaurazioaren bidetik, eta, ildo horretatik, hainbat proiektu aurkeztu ditut. Azken batean, ezagutzera eman nahi dut zer galdu den, ze mantendu den eta zerk merezi duen berreskuratzea.
Paisaia berreskuratzeko badago sentsibilitate nahikorik?
Garrantzitsua da eskoletan lan hori egitea. Eta sentsibilizazioa edozelan ere berreskuratzen ez bada, gutxienez, paiasiaren ustiaketaren ikuspegia kontuan hartu beharko litzateke, hau da, paisaia berreskuratzeak, bertoko landaredia berreskuratzeak, jendea erakarriko lukeela jabetu behar gara. Horrela, marko naturalak zenbait eskaintzetarako garrantzi handikoak dira.
Baina ikuspegi produktiboa gailentzen da oraindik ere…
1989ko datuetan ageri zenez, Ondarroan eta Markina-Xemeinen 1.300 lur sail zeuden; 600 jabe inguru. Eta haiek dira paisaia itxuratzen dutenak, eta, beraz, denoi eragiten digutenak. Eta ni ikuspegi estetikotik baino ez naiz hitz egiten ari. Zer esango ote lukete ekologistek!
Inoiz ez dira beste aukera batzuk planteatu izan?
Ezagutu dugun ustiaketa mota hori birritan ipini zen ezbaian: 56ko izozteetan eta 89ko suteetan. Sute horietan, bost egunetan, Erkidegoan, 30.000 hektarea erre ziren. Orduan adituek basoen %80 bertoko landarediagaz basoberritzea erabaki zuten arren, asmoa ez zen gauzatu.
Pinua gaixotuta egonik, aukera berriak zabaltzen direla diozu. Ze eratara?
Gaixotutako pinuak moztu eta haien ordez eukaliptoa ari dira sartzen. Beraz, egoera txarrera doa paisaiaren ikuspunutik eta, zer esanik ez, ekologiarenetik. Halere, gaur egun, badago babes juridiko bat. Horretaz baliatuta, fokua paisaiaren balioan jartzeko eskatzen dut. Urrats bat aurrera eman eta bertokoa landatzea. Monokromiaren aurrean, polikromia aldarrikatzen dut.