Ekai Lersundi gogoan izan dute haren heriotzaren bigarren urteurrenean
Gaur [otsailak 15] bete dira bi urte Ekai Lersundi Martinez gazte ondarrutarra hil zela. Naizen Adingabe Transexualen Guraso Elkartearen ekimenez, omenaldi xumea egin diote eguerdian, Ondarroako Itsasaurre plazan, haren aldeko oroigarriaren aurrean.
Ekitaldia 12:00ak pasatxo hasi da, kandelekin egindako bi bihotz, eta erdi-erdian, Ekai Lersundiren argazki erraldoia ageri zela. Txalo zaparrada handi bategaz amaitu den minutu bateko isiluneagaz hasi da ekitaldia.
Ederne Belamendia Naizen elkarteko kidearen hitzek eman diote hasiera ekitaldiari. “Horrelako ospakizunak ez lukete egon behar, ez luketelako existitu behar argi eta garbi. Ez luke gertatu behar duela bi urte bizi izan genuen otsaila”.
Zoritxarrez, gazte transexualen artean suizidio kasu asko dagoela esan du Naizeneko kideak. “Badaude asko ezagutzen ditugunak, baina ziuraski askoz gehiago dira ezagutzen ez ditugunak. Gizarteak azkenean zapaldu egiten zaitu, eta nahikoa dela esan nahiko genuke. Denok aske eta libre bizi nahiko genuke”.
Belamendiak agertu duenez, gehiago horrelakorik ez errepikatzeko beharrezkoa da gizartea aurrerapausoak ematen hastea. “Gizartean sekulako akatsak daude, eta gizarteak berak bultzatzen zaitu Ekairi gertatutako moduko egoeretara ere. Hori ez dago gure esku. Hori ez da dago familia eta lagunen esku, zoritxarrez ez dago gure menpe. Oso garrantzitsua da gizartea konturatzea zer gertatzen ari den, izan ere, horrelako suizidioak, suizidio sozialak bihurtzen dira”.
Jarraian, lore eskaintza egin dute. Hainbat lagunek lore sortak eman dizkiete Elaxar Lersundi eta Ana Martinez Ekai Lersundiren gurasoei. Naizeneko hainbat kidek, berriz, aldarrikapenez betetako hainbat banderagaz ohorezko pasilloa egin diete gurasoei, eta handik igaro ostean, loreak ipintzen hasi dira oroigarriaren aurrean. Lora sorta asko utzi dituzte duela bi urte zentutako gaztearen omenez.
Ekitaldi xume eta motza izan bada ere, emozio handiz betetakoa izan da; erabat, hunkigarria. Lore eskaintza amaitu orduko, Elaxar Lersundik ekitaldira etorri diren guztiei eskerrak eman dizkie, baita etorri nahi izan dutenei eta bertan egon izan ez direnei ere. Gogorarazi duenez, Ekairi buruzko Mi pequeño gran samurai dokumentala otsailaren 24an estreinatuko dute Bilboko Arriaga antzokian. “Lan hori jende askori esker egin ahal izan da. Bakoitzak ahal duen modura lagundu du, eta hemendik denei eskerrak eman nahi nizkieke”.
Gurasoek Naizen elkarteko kideek eskuz egindako opari batzuk ere jaso dituzte. Samurai baten estatua txikia jasotzeak zeharo hunkitu ditu Ekairen gurasoak. “Ekairen espiritua, indarra, kemena irudikatzen ditu honek, eta hortik jasoko ditugu aurrera egiteko behar ditugun indarrak ere”, gaineratu du Elixar Lersundik. Azpimarratu duenez, Ekaik hasitako borrokagaz jarraituko dute. “Normalean gurasoak hiltzean legatu bat uzten diete seme-alabei, baina kasu honetan kontrakoa gertatu da. Gure semeak legatu bat utzi zigun, eta hori lortzeko borrokan jarraituko dugu”.
Mikel Laboaren Txoria Txori abestuaz amaitu dute ekitaldia. Ekitaldiaren bukaeran Belamendiak nabarmendu duenez, gaurko moduko ekitaldiak egitea garrantzitsua da. “Uste dugu gaurkoa bereziki familiarentzako egun gogorra dela, eta gu ondoan egotea garrantzitsua dela iruditzen zaigu. Maitasun hori konpartitzea berebizikoa da; denon artean maitasuna eta babesa konpartitu, eta egun hau pixka bat arinago egiten saiatuko gara denon artean. Beste alde batetik, gainera, munduari hemen gaudela eta borrokan jarraituko dugula erakutsi nahiko genioke gaurko moduko ekintzekin”.