Zaldibarko gertakaria argitzeko exijitzeko manifestazioa, eguenean, Markina-Xemeinen
Mobilizazioa eskualde mailakoa izango da. Herritarrei maskarekin eta zarata egiteko tresnekin parte hartzeko deia egin diete. Manifestazioa 18:30ean abiatuko da, udaletxe aurretik.

Zaldibarko zabortegian gertatutakoa argitzeko exijitzeko Lea-Artibai mailako manifestazioa deitu dute eguenerako [otsailak 13], Markina-Xemeinen. Mobilizazioa Zaldibar argitu orain! lelopean egingo da, eta herritarrei maskarekin eta zarata egiteko tresnekin parte hartzeko deia egin diete. Gaineratu dutenez, egun horretan hamabost egun beteko dira langileak desagertu zirenetik.
Zapatuan ere milaka ahotsek gertakaria argitzeko eskatu zuten. Protesta hiru zutabetan antolatuta egon zen: zutabe batek Eibartik irten zuen, beste batek Ermutik eta besteak Elgetatik. Hirurek Verter Recycling 2002 enpresa dagoen tokian bat egin zuten. Aldarrikapen, salaketa eta protesta oihuak ozen entzun ziren ibilaldi osoan, eta tartean, zabortegia amildu zenetik oraindik lurpean harrapatuta jarraitzen duten Alberto Sololuze markina-xemeindarra eta Joaquin Beltran ere gogoan eduki zituzten. Protestan batutakoek babesa eta elkartasuna adierazi zieten bi langileei eta haren senitartekoei.
Helene Alberdi desagertutako langile baten senideak senide guztien izenean eskerrak eman zizkien han batutako guztiei. «Familiaren izenean mila esker, gaur hona etorri zareten guztioi. Eta baita ere egun luze guzti hauetan zuen maitasuna eta indarra helarazten ari zareten guztioi. Espero dugu presio honen eraginez lanean serio jartzea, eta ahalik-eta azkarren gure senideak hortik ateratzea».
Jaurlaritzaren Osasun Sailaren arabera, atzemandako dioxina eta furano mailek ez dakarte «berehalako arriskurik osasunarentzat», baina kautela neurriak hartzeko gomendatu dute
Egunotan jakinarazi dutenez, egin dituzten neurketetan dioxina eta furano maila altuak topatu dituzte Zaldibar inguruan, herrigune batean egon ohi den maila baino 40-50 aldiz handiagoak. Kezka eta beldurra nabariak dira inguruko herritarren artean, hori dela eta, ahoa estalita egin zuten protesta gehienek, kutsaduragaz dituzten arazoak gogorarazteko. Gure osasuna, zuon negozioa zioten mezuak ere asko izan ziren, eta Jaurlaritzak eta adituek lasaitasun mezua zabaldu badute ere, orain arte arazoa bideratzeko hartu dituzten erabakiak zalantzan jartzen dituzten hainbat kartel ere agertu ziren.
Bien bitartean, prebentzio neurriak bere horretan mantentzen dira inguruko herrietan. Jaurlaritzaren Osasun Sailaren arabera, atzemandako dioxina eta furano mailek ez dakarte «berehalako arriskurik osasunarentzat», baina kautela neurriak hartzeko gomendatu dute: etxeak ahalik eta gutxien egurastea, batez ere gauez leihoak itxita edukitzea, eta kanpoan kirola eta ariketa fisiko gogorrik ez egitea eskatu dute.