Goimendia auzoko errekasto batetik ura zuri datorrela jakitera eman du Ondarroako Udalak
Arrazoi zehatzak jakin bitartean arduraz jokatzeko eskatu diete bertan bizi diren edota handik pasatzen diren auzotarrei.

Goimendia auzoan dagoen Korteta baserri inguruko errekasto batetik datorren ura ohi baino zuriago datorrela jakitera eman du Ondarroako Udalak. “Zenbait herritarrek aurreko astean eman ziguten abisua. Esan zigutenaren arabera, Korteta baserri inguruko errekastotik ura ohikoa baino zuriago zetorren”.
Hori jakinda, udalak Eusko Jaurlaritzako URA agentziara deitu zuen, eta astelehenean [otsailak 17] URA agentziako teknikari bat uraren kalitatea aztertzeko laginak hartzera bertaratu zen. “Hasiera batean barikuan [otsailak 14] etortzekoak ziren, baina azken orduko arazoak tarteko, ezin izan zuten etorri”.
Azterketaren emaitzak ailegatu eta ura zuriagoa etortzearen arrazoi zehatzak jakin bitartean arduraz jokatzeko eskatu dute udal ordezkariek. “Ez dakigu naturak eragindako zerbait edo norbaitek isuritako produktu baten ondorioa den. Beraz, emaitzak iritsi arte kontuz ibiltzeko eskatu nahi diegu inguru horretako herritarrei”. Hori bai, gainontzeko auzoetan bizi direnentzako ez dagoela inolako arazorik azpimarratu dute. URAren emaitzak jaso orduko emaitza horien berri emango du udalak, “edozelakoak badira ere, herritar guztiek horren berri eduki dezaten”.
Zunbeltz Bedialauneta Ibaibarriaga alkateak esan duenez, ez da Kortetako erreskatotik ura zuri datorren lehen aldia; lehenago ere ura ohi baino zuriago etorri izan da leku beretik. “URAko teknikariek esan zigutenez, euri urek inguruko mineralekin egiten zuten errakzio kimikoaren ondorioa zela ura zuriagoa etortzea. Oraingoan ere gauza bera izan daiteke, baina badaezpada zehaztasun azterketa bat egiteko eskatu diogu URA agentziari”.