Yaalah-k haur sahararrentzako eskualde mailako aterpetxea ipiniko du Ondarroan
Udan, bi hilabeteko egonaldian, hamabost ume hartuko dituzte Ondarroako Zaldupe ikastetxean. Egitasmoa aurrera eramateko finantzaketa kolektibo kanpaina ipini dute abian.

Ondarroako saharar herriaren aldeko Yaalah elkarteak euskadiko saharar ordezkaritzagaz batera erronka berri bati heldu dio aurten. Oporrak bakean haur sahararrak Euskal Herrian uda igarotzeko programaren barruan, harrera familietara etorriko diren umeez gain, Lea-Artibaiko aterpetxean igaroko dute uda Tindufeko (Aljeria) desertuko kanpalekuetan bizi diren Saharako hamabost haur errefuxiatuk. Zehatz esanda, Ondarroako Zaldupe eskolako eraikinean egingo dute bi hilabeteko egonaldia.
Azkenaldian eskualdeko harrera familietara datozen haurren kopurua urria izan dela kontutan hartuta, egitasmo berria martxan ipintzeko ideiagaz bueltaka hasi ziren 2019ko udan. Ondarroan, esaterako, 2017an elkartea sortu zenetik haurren kopurua igo bada ere (bi haur 2017an, lau haur 2018an eta bost haur 2019an), Lea-Artibaiko harrera familien kopuruak beherakada garrantzitsua jasan du. “Baina azken urteotan harrera familia kopurua gutxitzen joan da hainbat arrazoirengatik. Horri erantzuna eman nahian zerbait egiteko beharra ikusi genuen”.
Egitasmoa garatzen zihoan heinean, baina, aterpetxea non kokatu erabakitzea falta zitzaien. Elkartea ondarrutarra izanda, Ondarroako Udalagaz harremenetan jarri, eta aterpetxea Zaldupe eskolako eraikinean kokatzea proposatu zieten udal ordezkariei. “Hasiera-hasieratik baiezkoa eman ziguten, eta hor egingo dute egonaldia bertora etorriko diren haurrek”.
Aterpetxea uztailean eta abuztuan egongo da abantean, eta funtzionamenduari dagokionez, astebeteko zortzi txanda osatuko dituzte, domekatik domekara. “Bi arduradun egongo gara egonaldiak irauten duen bitartean dena koordinatzen, baina horrez gain, asteka aldatuko diren begirale eta sukaldari boluntario talde baten laguntza ere behar dugu”. Gutxi gorabehera, 60-70 boluntario beharko dituzte aterpetxearen beharrizan guztiak estaltzeko. “Txanda bakoitzeko bi sukaldari eta lau begirale egotea da gure asmoa. Asteko begirale kopurua seikoa baldin bada, askoz hobeto”.
Boluntario izan nahi dutenek izena emateko epea zabalik dute. Internet bidez zabalduko duten orrialde batean inprimaki bat bete besterik ez dute edukiko. Hori bai, baldintzen artean, 16 urte edo gehiago edukitzea, proiektuaren helburuekin bat egitea, haurrekin moldatzeko erraztasuna izatea eta haurren kultura, erlijio eta ohiturak errespetatzea eskatuko dituzte, besteak beste.
Baina egitasmoak dimentsio handia du, eta berau osotasunean gauzatu ahal izateko, eskualdeko udalen inplikazioa eta norbanakoen laguntza ere behar dutela nabarmendu dute. Hala, finantzaketa kolektibo kanpaina hasi dute egunotan. “Hainbat udal, erakunde publiko eta enpresa pribatuen laguntza badugu ere, ez da nahikoa proiektu honek dituen behar ekonomikoak guztiz asetzeko”.
Ekarpen ekonomikoa egin nahi dutenek Itsulapikoa plataformaren atarian sartu, eta ondarrutarren proiektua aukeratu beharko du laguntzeko. Ekarpena egin nahi dutenek 40 eguneko epea dute martitzenetik [otsailak 18] hasita. “Kopuru ezberdinetako ekarpenak egiteko aukera dago, aukeratu egokien deritzozun kopurua eta jarraitu web orrialdeko argibideak. Ordainketa %100 segurua da, eta laguntzaile guztiek saritxoa izango dute gure esker ona adierazteko”.