Kaleko katuei jaten ematea debekatuta dagoela gogorarazi du Ondarroako Udalak
San Juan Txurru, Iperkale eta Pixapetik kexak jaso ditu udalak. Azpimarratu dutenez, kalean dauden janari arrastoek arratoiak eta intsektuak erakarri ditzateke.
Zenbait herritarrek euren kezka azaldu dute etxe inguruan agertu zaizkien arratoiak edo intsektuak direla eta. Gaineratu dutenez, San Juan Txurru, Iperkale eta Pixapetik ere kexak jaso dituzte herritar batzuek katuei janaria ematen dietelako. Hori dela eta, Ondarroako Udalak gogora ekarri nahi du debekatuta dagoela kaleko katuei jaten ematea. “Katuek pertsonengandik zuzenean janaria hartzeak beharra dutenean pertsonengana hurbilarazten ditu katuak, eta gogorarazten da katu horiek ez daukatela inongo osasun irizpide minimorik, horrek suposatu lezakeenagaz”.
Nabarmendu dutenez, kalean dauden janari arrastoek edo edukiontzietatik kanpo utzitako zakar poltsek erakartzen dituzte arratoiak eta intsektuak gehienetan. “Kaleko katuei jaten ematen dietenek ez dute asmo txarragaz egiten, baina janari horrek kalean uzten dituen arrastoak, alde batetik, arratoi eta intsektu gehiago erakartzen ditu. Bestetik, katuek goserik ez daukatenez arratoiak ez uxatzea eragiten du”.
Udal iturriek azaldu dutenez, arratoi edo intsektu plagak deuseztatzeko enpresa bat daukate kontratatuta. “Halako kontrolak egiteko enpresa baimendu espezializatua da, eta herritarren kexak daudenean beraiek arduratzen dira arazoaz. Aurreko barikuan [otsailak 21] egin zuten azken ikuskaritza”.